Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > les mecaniciens> hemeroteka
les mecaniciens > hemeroteka

Euskadi, jende gutxi. Euskaldunon Egunkaria. (Disko iruzkinak) (1994-01-02)

Euskadi, jende gutxi. Alajaina, kategoriazkoa baieztapena. Musika mundura ekarriz gero, esaldi hori beste hau bilaka daiteke: Euskadin musika ezberdin gutxi. Hori bestea bezain egiazkoa suerta daiteke, gurean ere merkatuak agintzen baitu, are garbiago igarotako 93 horretan: fussion, heavy eta revival-etan joan zaigu urte hori; ezer fresko eta berririk gutxi. Badakizu, Euskadi, jende...

Eskerrak, oraindik ere baden beste joko musikalekiko apostua egiten duen jenderik, benetan pozgarria egiten baizaigu Les Mecaniciens taldea entzutea, ez bakarrik musika freskoa iruditzen zaigulako (gauza zaila hirugarren lan luzea denean), hitzetan ere zaila delako talde honen kantuen maila atzematea gure pop musikaren panoraman. Xabi Muguruzak besteak baino lan serioagoa dela esan arren, ondo eusten diote taldeak hasieratik bandera izan duen ironiari. Badakizu, Euskadin, jende gutxi. Erritmo kontutan ere aberatsago. Ea nor ausartzen den Lester Bowieren bertsio bat egiten; rhythm and blues ukituak, erritmo tropikalagoak edo jazz izpiritua ere aipatu daitezke bizpahirutan entzun behar den lan honetan. 

Hala eta guztiz ere, baikorregia ez izatearren, lanari indar apur bat falta zaiola esan behar, sendotasuna agian, nahiz eta taldea erabat kohesionatuta dagoela antzeman: Ane Irazuk ondo menderatzen du bere erregistro goxoa eta, musikariez zer esan, argia baitago beren maixutasuna. Baina, hala eta guztiz ere, ez letorkie kanta batzuei soberan etorriko energia apur bat. Ez lukete edertasunean edo xamurtasunean galduko eta bai entzun errazagoak suertatuko. Jakina, uste pertsonal hutsa da hori, eta, usteak, erdi ustel. Dena dela, arretaz entzuteko lana dela esan daiteke, poliki gozatzekoa. Musika ezberdina gutxienez, eskertzekoa. Badakizu, Euskadi, jende...
Andoni Tolosa
les mecaniciens > diskografia

>>Erabakia

Elkar, 1991 (LP)

>>Ia xoragarria

Elkar, 1992 (LP)

>>Euskadi, jende gutxi

Esan Ozenki, 1993 (LP)