Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > kaxiano> hemeroteka
kaxiano > hemeroteka

Lizartzako oihartzunak. Euskaldunon Egunkaria. (Disko iruzkinak) (1992-11-06)

Kaxianok jada ez du aurkezpen beharrik ezta bere musikak ere. Jarraitzen dutenek, eta jarraitzen ez dutenek ere, badute haren berri. Eta oraingo honetan are gehiago Kaxianoren abesti ezagunen bilduma baita Lizartzako oihartzunak izena duen azken disko hau. Ondo tajututako lana dakarkigu, Antzuolan jaio eta Lizartzara joandako eskusoinujoleak. 

Betiko bideari jarraiki, kantu xume eta atseginekin osatu du diskoa, baina oraingoan goi mailako laguntzaileak izan ditu eta horrek kantu ezagun hauen soinuaren tankera arras aberastu du. Kaxianoren eskusoinua eta ahotsa protagonista direla, baterian Beñat Amorena dugu eta Mikel Artieda baxuan. Bigarren eskusoinua Frederic Gaillardetek jotzen du eta soinu txikia, berriz, Joseba Tapia trikitilariak. Haize instrumentuei dagokienez, Carlos Rosat (xirula), Jose Javier Gomez (tronpeta) eta Carlos Hipolito (tronboia) dira musikariak. Laguntzaileen artean aipagarriena Mixel Ducau dugu. Iparraldeko gitarrajoleak produzitu du disko hau, baita saxoa eta gitarra jo ere. Ducauk duen musika herrikoiak eta doinu modernoagoak batzeko tankera disko honetan somatzen da, beraz ekoizleak egoki uztartu ditu eskusoinuaren doinu gozoa bestelako musika instrumentuekin. Eta hor nabaritzen da bere ukitua, tradizioa eta modernotasunaren elkartzeko modu natural horretan.

Elkar argitaletxeak aipatu disko honekin batera beste bat ere kaleratu du. Daniel Xalbador eta Gerard Ihidoi kantarien Gauden gu lana. Hamar kantu bildu dira LP honetan, eta grabaketen ardura Niko Etxarten esku egon da. Iparraldeko musikariek eginiko lan hau atsegina eta gozoa suertatzen da. Iraupen luzeko lan honetan aipagarri den beste musikaria Frederic Gaillardet dugu, zeinak pianoa, eskusoinua eta sintetizadorea jotzen baituen, Niko Etxart gitarrez eta perkusioaz arduratzen den bitartean. Hitzak Daniel Xalbadorrenak dira. 
Felipe Aldasoro
kaxiano > diskografia

>>Itsasontzi baten

Elkar, 1986 (LP)

>>Baserritik kalera

Elkar, 1987 (LP)

>>Nere oroigarri

Elkar, 1989 (LP)

>>Ongi etorri

Elkar, 1990 (LP)

>>Lizartzako oihartzunak

Elkar, 1992 (LP)

>>Antzuolari

Elkar, 1994 (CD)

>>Soinu eta kantu

Elkar, 1996 (CD)