Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > oskorri> hemeroteka
oskorri > hemeroteka

Eta Oskorri sortu zen. Anaitasuna, 415-416. zenbakia, 1981eko abendua. (Disko iruzkinak)

Aurten OSKORRI taldeak 10 urte bete ditu. Baina ezagutzen dugun taldea eta hasierakoa ez dira berdinak eta zenbait aldaketa izan du taldeak urteetan zehar. Epe bi bereiz ditzakegu (lehenengo biak, gero ere izan ditu aldaketa batzu baina guk, aldaketa hoiek erabat garrantzitsuak izanik ere, alde batera utziko ditugu oraingoan lehen epeak bakarrik arduratzen baikaitu).

- Lehena, 1971ean hasita, taldea sortu zenean hain zuzen. Ordura arte Natxo bere aldetik ibiltzen oi zen, bakarrik. Lau kideren artean sortu zuten taldea, gerotsuago Deustuko ikasle gazte batzu ere sartu zirelarik, baina hauek ikasleak izanik ezin izan zuten aurrera jarraitu eta taldea desegin egiten da.

- Bigarrena, guk ezagutzen duguna, oraingoa, 1973/1974 urteen artean hasten dena, taldea desegin ondoren disko bat grabatzeko bersortzen da.

Lehen epea hobeto ezagutzeko eta aurten taldeak 10 urte bete dituelarik kaleratzen dute disko berri bat, baina Natxo de Felipek bakarrik izenpeturik. Dena dela gaurko Oskorri osoak hartzen du parte.

Orduan zergatik Natxo de Feliperen izenez bakarrik? Agian Natxo lehen alditik iraun duen kantari bakarra delako (Bigarren aldikoak ditugu berriz Anton eta Bixente). Orduan Natxori sor zaio omenaldi hau. Baita ere "Oraingo hau hain lan heterogeneoa izanik (1968-1975 arteko urteetako kantuak dituelarik) ez zaigu egokia iruditu Oskorri izenez izenpetzea, batez ere hiru hilabete barru edo, Oskorriren kantu berriek osaturiko disko berri guztiz diferente bat kaleratuko dugunean. (Natxo de Felipek) (1).

Edozein talderen hasierak gogorrak badira, Oskorrirenak askoz gogorragoak, eta egunen batetan honetaz luzez arituko gara Oskorrikoekin. Baztertua, boikoten artean eta orduko giroaren eraginez ez zuen taldeak harrera onik izan. Baina aurrera jo eta gaur iadanik gainditu dituzte larrialdi haiek. Oraingo diskoa epe hura ezagutzeko beharrezko dokumentoa genuke eta horregatik gorde dira lehengo konponketak "Kantuok grabatzerakoan lehengo konponketakin egin ditugu, hots, bereziki Anton Latxa, Bixente Martinez, Xabier Lakuntza, Jose Luis Fraile eta bostok egindakoekin". (Natxo de Felipek). Hemen agertzen den zenbait kantu lehendik ere ezagunak genituen ("Kristo, ni eta gizonak" esaterako buruak huts egiten ez badit) Natxo de Felipek ateratako zinta sasipirata baten bidez.

Diskoa beraz 1968-1975 arteko urteetako kantuek osatzen dute eta lehen disko nagusia -Oskorri izenez- 1976.eko abenduan kaleratuko dutelarik, Gabriel Aresti hil ondoren. Nabaria beraz G. Arestiren laguntza eta ispiritua, baita ere Mikel Zaraterena kantu batetan "Zergatik zara zu mitozale" kantuan ("Aita semeak" kantuaren egilea).

Kanta gogorrak, errealistegiak akaso beren aldirako, urte askotan zentsura muga pasatu ezin izan zutenak. Zorionak OSKORRI taldeari eta aurrera jarraitzeko gogorik izan dezaten.

Ohar bat: Hurrengoan azala hobe zaintzeko eskatuko genizueke diskoa gehien batez mamia bada ere, azala ezin ahaztu eta zuek orain arte nahiko ondo zaindu duzue, nik uste. Oraingoan ez horrenbeste.
Joxe Ugarriza
oskorri > diskografia

>>Aita-semeak-Gosetea

CBS, 1975 (SG)

>>Egia da-Anaitasuna

CBS, 1976 (SG)

>>Oskorri

Xoxoa, 1979 (LP)

>>Plazarik plaza

Xoxoa, 1980 (LP)

>>Eta Oskorri sortu zen

Xoxoa, 1981 (LP)

>>Adio Kattalina

Elkar, 1982 (LP)

>>Alemanian euskaraz

Elkar, 1984 (LP)

>>Hau hermosurie!

Elkar, 1984 (LP)

>>In fraganti

Elkar, 1986 (LP)

>>Datorrena datorrela

Elkar, 1989 (LP)

>>Oskorri, ehun ta hamaikatxo kantu

Elkar, 1990 (Liburua)

>>Hi ere dantzari

Elkar, 1991 (LP)

>>Badok hamahiru

Elkar, 1992 (LP)

>>Katuen testamentua

Elkar, 1993 (LP)

>>Landalan

Elkar, 1995 (CD)

>>25 kantu urte

Elkar, 1996 (CD)

>>Marijane kanta zan!

Elkar, 1997 (CD)

>>Iparragirre bueltan etxera

Elkar, 1999 (CD)

>>Ura

Elkar, 2000 (CD)

>>Vizcayatik... Bizkaiara

Elkar, 2001 (CD)

>>Ekidazu

Elkar, 2003 (CD)

>>Desertore

Elkar, 2003 (CD)

>>Banda Band

Elkar, 2007 (CD)

>>Dantza kontra dantza

Elkar, 2011 (CD-DVD)

Askoren artean

- Lantzeko ihauteria (Herrikoia, Oskorri); Bai euskarari (Euskaltzaindia, 1978)

-  Glu, glu, glu (Hitzak eta musika: Jose Maria Iparragirre); Iparragirre. Zure oroiz (Xoxoa, 1981)