Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > kashbad> hemeroteka
kashbad > hemeroteka

Kashbäd. Argia, 1.589. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1996-08-04)

EO 080 DC: Kashbäd

Erreferentzia honen azpian kaleratu du Esan Ozenki disketxeak Oreretako Kashbäd taldearen lehen lan luzea; era berean, disketxearen bosgarren urteurrena ospatuz. Independentziaz beteriko bost urte.

Kashbäd entzutean burura etortzen zaizun lehen gauza Sorkunen ahotsa da; Euskal Herrian ez baikaude ohituta oraindik emakumezkoen ahotsak entzutera eta are gutxiago musika gogorra egiten badute; entzun izan ditugu (Naun, Beti Mugan...) baina ez gaude ohituta. Sorkunek ahots bikaina du eta oso ondo betetzen du bere zeregina taldean. Baina esan beharra dago baita ere Sorkunen atzean talde bikaina dagoela. Txikik bateria, Gorkak baxua eta Gorka eta Ibanek gitarrekin osatzen dute taldea, 1995eko azaroan aldaketa izan zenetik.

Era horretan grabatu zuen taldeak izen bera daraman lan hau. 15 kantuz osaturiko lan honetan murgiltzean abiadura nagusitzen da, nahiz eta lasaitasunerako lekurik ere baden. Konpakto honetan beraien maketako kantu batzuk berreskuratu dituzte, bost hain zuzen ere. Eskertzekoa da kantu hauek berriz grabatu izana: maketa kalitate gutxikoa baitzen eta kantuek benetan balio dutelako. Maketako kantuetatik beste konposizio berrietara aldaketa nabaria da, taldeak ikasi eta beste era batera lan egin du.

Abiadura nagusitzen bada ere, kantu lasaiak ere entzun ditzakegu, reggae erritmo goxoek bi leku hartu dituzte lan honetan: "Hegaz" maketakoa eta "T ahoa". Bi kantu reggae-ek aberastasuna ematen diote lan honi, hardcorez bustitako beste kantu batzuk bezala: "Angelu zuzena", "XXX" edo "Amalur". Hitzak landuak dira, nabari da garrantzia ematen diotela gai honi, baita askatasunari (pertsonala, sexuala...) eta lurrari gertutik ukitzen dituzten gaiak konpakto osoan.

Lau hitzetan, beraz, lan dotorea da Kashbädeko kideek burutu dutena, bereziki lehen lana dutela kontuan izanda.

Koldo Otamendi
kashbad > diskografia

>>Kashbäd

Esan Ozenki, 1996 (CD)

>>Distantzia

Esan Ozenki, 1997 (CD)

>>Hesiak

Esan Ozenki, 1999 (CD)

Askoren artean

- Zuen eskaparateetan (Hitzak eta musika: Kashbad); Gaztetxeak martxan!! (Gasteizko gaztetxea, 2001)

- Okila (Hitzak eta musika: Kashbad); Ihes puntua. Aitzol Gogortza preso lagunari musika, gutuna, bertsoak (2013)