Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > kaxiano> hemeroteka
kaxiano > hemeroteka

Soinu eta kantu. Argia, 1.600 zenbakia. (Disko iruzkinak) (1996-11-17)

Ba hemen datorkigu Lizartzako itsua zazpigarren lanarekin. Kantuak konplikaziorik gabe baina sentikortasunez egiten ditu Kaxianok, bere kezkak eta sentipenak islatuz. Betiko ildoan segitu du Kaxianok; oraingoan bolero bat, pasodoble bat... valsak eta 'agarratuak', baina beti, Kaxianoren zigilu, dantzarako doinuak.

Maitasunezko kantuek beti izan dute toki pribilejiatua Kaxianoren diskoetan, eta honetan ere topatu ditugu horrelakoak: "Baserria dut maite", "Amatxo maitea" eta "Mesedez", azken hau maitaleek bata besteari belarrira xuxurlatzeko kantua, erromantizismo primario batez egina. Bestalde, oroitzapenek ere beti dute tokia Kaxianoren kontuetan, "Nere haurtzaroan", "Oroimenak" eta "Garai batean" izeneko kantuak exenplu, makinatxo bat erromeri korritutakoa baitugu Lizartzako itsua. Azkenik, denon ahotan izan den Anoetako txirrindulariak, Abraham Olanok, kantu bat eskainia du Kaxianoren disko honetan.

Gaiarengatik, bi kantu daude aipagarri. Bata "Hondartzetan" izenekoa, sentsualitatez betetakoa. Bai, bai, ondo irakurri duzue: kantu erotiko xamarra egin digu oraingoan, hondartzan eguzkia hartuz dagoen emakumezko bati egina. Gogoratu itsu batek, zenbait kasutan, guk baino hobeto ikusi dezakeela eta irudimena, baita erotikoa ere, gurea baino finagoa duela. Bigarren aipamena erreflexio politiko bat egiten duen "Betiko errua" izeneko kantuak merezi du. Aukera izanez gero errepara ezazue kantuaren hitzetan, itsuek guk baino hobeto ikusten dutenaren beste adibide bat litzateke...

Kantuak naturaltasunez egiten ditu Kaxianok, gaur egungo musikaren sofistikaziotik urrun, eta burura etortzen zaizkion bezala grabatzen ditu. Nabaria da xinpletasuna, eta hori da Lizartzako trikitilariaren dohairik preziatuena: zintzotasuna.    
Xabi Nabarro
kaxiano > diskografia

>>Itsasontzi baten

Elkar, 1986 (LP)

>>Baserritik kalera

Elkar, 1987 (LP)

>>Nere oroigarri

Elkar, 1989 (LP)

>>Ongi etorri

Elkar, 1990 (LP)

>>Lizartzako oihartzunak

Elkar, 1992 (LP)

>>Antzuolari

Elkar, 1994 (CD)

>>Soinu eta kantu

Elkar, 1996 (CD)