Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > dut> hemeroteka
dut > hemeroteka

At. Argia, 1.608. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1997-01-12)

Garratza, gordina, iluna, itxaropengabea eta iragarpeneko lan bat egin dute Dut taldekoek; garratzegia, gordinegia, ilunegia, itxaropengabeegia akaso. Ez da kasi argi bat ere somatzen At-ek irauten duen ordu osoan zehar, ordu luzea geratzen delarik gainera. Hau bai musikaren aldetik eta hitzen aldetik ere; musika aldetik, ekoizpen indartsua lortu dute, bortitza (kontuz zure ekipoaren grabeen konoarekin!), baina matizak falta zaizkio nire ustez, abestiak gehiago desberdintzeko. Eta hitzen aldetik ere ez da inondik antzematen itxaropen minimo bat; baina hitz ederrak dira, landuak, esaldi bakoitza gure kontzientzia astintzen saiatzen da: "Mundu arraio honetan badirudi garrantzitsuagoa dela Marten bizitza aurkitzea lurgainean duina egitea baino"; "Bandera trapu bat da haizerik ez badabil"; "Gizakia zer da? Bere txikitasuna onartzen ez duen umezurtz harroputza".

Melodientzat ez dago leku handirik, "Sortu eta haztea" eta "The big lie of love" doinuetan gehienbat. Eragin ezberdinak entzuten dira Duten diska berrian, hauek ere badirudi Sepulturaren Roots-ekin guztiz maitemindu direla ("Fumut", "Eskuzuri"), eta Korn-en izpiritua ere, Sepulturarena bezala, disko osoan nabari daiteke.

Egun hiru partaidez osaturik dago Dut, Joseba (baxua) eta Xabik (gitarra) hartu dute abesteko ardura. Hori genuen gehienbat Duten 'asignatura pendientea', eta oraindik ere horrela jarraitzen du; badirudi ahotsa 'sartu behar delako' sartu dutela, konfidantza falta antzematen zaie ahotsa non eta nola sartzeko orduan. Horregatik diogu At iragarpeneko diska bat bezala hartzen dugula, alderdi hori hobetzen badute, eta instrumentuekin ere korte eta kanbioetan konpaktoagoak azaltzea lortzen dutenean, nazioarte mailan lekutxo bat aurkitzeko taldea izan daiteke Dut, oraindik ere beraien ideiak hauek instrumentalki azaltzeko moduaren aurretik doazela uste baitugu.

Jon Martija
dut > diskografia

>>Underribi

Basati Diskak, 1994 (CD)

>>Dut

Esan Ozenki, 1995 (CD)

>>At

Esan Ozenki, 1996 (CD)

>>Ireki ateak

Esan Ozenki1, 1997 (CD)

>>Askatu korapiloa

Esan Ozenki, 2000 (CD)

Askoren artean

- Black zombi (Hitzak eta musika: Dut) Insumisioa (Maia-R-Dizka, 1995)

- Terrorismo policial (Hitzak eta musika: RIP) RIP Versiones (Où, 1997)

- Txapela buruan, ibili munduan (Hitzak eta musika: Dut) Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997)

- Hondarra (Hitzak eta musika: Dut) Irungo AEK-ko beteranoak (2004)