Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > antton valverde
antton valverde > biografia
Euskal kantagintzan gitarra jaun eta jabe zenean, Antton Valverdek (Donostia, 1943) pianoz jantzi zituen bere kantuak. Euskal poeta handien miresle izaki (Lizardi, Lauaxeta, Bitoriano Gandiaga, Jon Mirande...), haien olerkiak musikatuz osatu du Valverdek disko bilduma labur baina oso pertsonala. Garai batez Xabier Leterekin elkarlanean aritu zen, Xenpelar, Txirrita, Otaño eta beste askoren bertso zaharrak berreskuratuz, eta Oskarbi taldeko kide izan zen. Franco hil ostean oso bakanak izan dira haren lan diskografikoak eta emanaldiak. Bere azken diskoa Hamabi amodio kanta da (Elkar, 2007) Charles Bordes musikari frantziarrak Ipar Euskal Herrian bildutako kantuen hautaketa.

Antton Valverde, perito ikasketak egin, eta arte grafikoetako lantegi bateko zuzendaria izan da luzaroan, Graficas Valverden. Musika ikasketak egin zituen gaztetik: solfeo, harmonia, konposizioa eta piano. Azken musika tresna hori izan da Antton Valverderen lagun fidela, ohiko gitarra erabili beharrean pianoz jantzi baititu musikatu dituen poemak. Aita Antonio Valverde Ayalde margolaria zuen, eta Rosa Valverde du arreba, hura ere margolaria.

60ko hamarkadan hasi zuen Valverdek musika ibilbidea. Hainbat disko txiki argitaratu ondoren, Oskarbi taldeko partaideetako bat izan zen, eta parte hartu zuen haren Eskutari diskoan (Herri Gogoa, 1972). Horren ostean, Julen Lekuona eta Xabier Leterekin elkarlan emankorra hasi zuen. Haiekin Bertso zaharrak (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen, garai bateko bertsoak berreskuratu zituen lana. Handik bi urtera, bertsolaritza oinarri zuen beste disko bat argitaratu zuen, berriro ere Xabier Leterekin batera: Txirritaren bertsoak (Herri Gogoa, 1976), arrakasta handia izan zuen lana. Ordurako, bakarkako lehen disko luzea, Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975), egina zuen Valverdek. Bertan zeuden, besteak beste, "Maitasunez hil" eta "Asaba zarren baratza" kantuak. Hurrena, bere poeta kutunetako bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978). Olerkaria beti izan da Valverderen iturri nagusietako bat. Lauaxetaz gain, Letek, Bitoriano Gandiagak eta JosAnton Artzek idatzitako poesiak erabili ditu maiz abestiak osatzeko.

Urte hartan bertan, kantatzeari uztea erabaki zuen Valverdek. Etapa horretako azken kontzertua Pantxoa eta Peio, Lourdes Iriondo eta Xabier Leterekin eman zuen. Handik aurrera, enpresa munduan gehiago murgildu eta oso tartekatuak izan dira haren agerraldi musikalak.

1983an Xabier Lizardi poetari Tolosan eta Zarautzen egin zitzaion omenaldian aritu zen, Leterekin batera. Kantaldi hura Lizardiren poema gehiago musikatzeko akuilua izan zen. Horren ondorioz, oso disko berezia argitaratu zuen, Lizardiren obra bakarra eta osoa eskaini baitzuen Urte giroak ene begian diskoan (Elkar, 1986). Lauaxetarekin batera Lizardi beti izan da musikari donostiarraren poeta kutunetakoa. Harekiko zaletasuna txikitatik datorkio: "Etxean Lizardi betidanik ezagutu izan dut, nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz. Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren obra guztia. Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahmsen musika erabiltzen zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan, eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko esan nahi du niretzat" (1).

Beste hamaika urte pasatu ziren hurrengo diskoa argitara eman arte. Urte horietan guztietan musikatutako olerkien bilduma moduko bat izan zen, Orixe, Lizardi, Xabier Lete, Gabriel Celaya, Jon Mirande eta William Shakespeareren testuekin. Diskoaren izenburuak ez du zalantzarako tarterik uzten: Larogeitamazazpi (Elkar, 1997). Disko horretan agertzen da Valverdek berak idatzitako kanta bat, "Barberian". "Bitxikeria moduan dago hor, diskoaren amaieran, erdi ezkutuan, baina nahiko txarra da. Horrek bazuen beste letra bat, Xabier Leterena, baina azkenean Leterena jarri beharrean neurea jarri nion. Ez Leterena gaizki iruditzen zitzaidalako, jakina, noizbait nire letraren bat sartzeagatik baizik. Beraz, egina dago, eta ez dut gehiago egingo" (2).

2007an lan berria argitaratu zuen, Hamabi amodio kanta (Elkar, 2007). Charles Bordes musikagile frantziarrak XIX. mendearen erdialdean Ipar Euskal Herrian bildu zituen kantuen artean egindako hautaketa da lana. Azken diskoetan bezala, Karlos Gimenez arduratu zen moldaketez eta musika zuzendaritzaz. Gimenezek berak laguntzen du Valverde zuzeneko emanaldietan.

Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemen inguruan osaturiko 3Lak musika eta literatura emanaldia estreinatu zuen 2013an, Anjel Lertxundirekin.

Testua: Gontzal Agote

antton valverde > hemeroteka

>>Antxon Valverde

Herri Gogoa, 1969 (EP)

>>Xenpelar

BCD, 1970 (EP)

>>Antxon Valverde

BCD, 1971 (EP)

>>Bertso zaharrak

Edigsa / Herri Gogoa, 1974 (LP)

>>Antton Valverde

Edigsa / Herri Gogoa, 1975 (LP)

>>Txirritaren bertsoak

Edigsa / Herri Gogoa, 1976 (LP)

>>Lauaxeta

Herri Gogoa, 1978 (LP)

>>Euskal Kanta-Berria

Herri Gogoa, 1979 (LP)

>>Urte-giroak ene begian

Elkar, 1986 (LP)

>>Larogeitamazazpi

Elkar, 1997 (CD)

>>Hamabi amodio kanta

Elkar, 2007 (CD)

Askoren artean

- Euskal kantuen mezua (Hitzak: Bitoriano Gandiaga-Musika: Antton Valverde); Bai euskarari (Euskaltzaindia, 1978)

-  Gazte gaztetatikan (Hitzak eta musika: Jose Maria Iparragirre); Iparragirre. Zure oroiz (Xoxoa, 1981)