Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > historia >
  • Kantagintza berriaren sorreraKantagintza berriaren sorrera

    "Kanta berrietara zaletutako gazteak, gure kanta zarrez gogaitu, aspertu egiten dira. Erri-kanta oiek, zinetakoen aldean, motzak, gexak, gatz-gabeak dirala, uste dute. Gure kanta zar asko gaiñera, musikaz ain bikain diralarik, oso itz arlotez jantziak dauzkagu. Nere iritxiz, euskal olerkariak lan au egin bear ligukete: lengo doñu zarrei, letra berria sortu, itz apañagoak ezarri: gaurko gaztediari atsegiñago zaizkion maitasun-itzak erantsi. Onela gure kanta zarrak, soiñeko atsegiñagoz erakutsi. Orrez gañera, kanta berriak sortu ditzagun. Au eresgile edo konpositore diranen lana dezu: ta Euskalerrian len ontan maixu diran asko ditugu. Sortu bitzate beaz urtero onelako doñu beri batzuek, erdal-aideak bezela, gure gaztean ezpañetan zabal ditezen. Kanta berri auek, era danetakoak bear ditugu, bai euskal-usaidunak eta bai kanpo-aizedunak ere. Gaurko dantza aideak, tango, rumba, fox eta abar, erri guzietara zabaldu zaizkigu, ta gure apaiz-biotzak min artu arren, gure errian bota dituzten sustraiak ezin uka genitzake".

  • Kantaldien garaiaKantaldien garaia

    Txanpinoien aroa deitu izan zaio 70eko hamarkadan Euskal Herrian gertaturiko kantarien ugaltzeari. Mixel Labegeriek ireki eta Ez Dok Amairu taldeko kideek zabaldutako kantagintzaren bidera izen berri asko agertu ziren. Horren arrazoietako bat Larrun aldizkariaren 1985. urteko zenbaki batean aurkitu dugu: «Ez Dok Amairuk artista, kantaria, desmitifikatu, dignifikatu, gizakiagotu eta herrikoitu duen heinean eta entzule eta kantariaren arteko urruntasuna gutxiagotu duenean, gaztea berez ausarta delarik eta parte hartzeko aukera izaten duenez, gogo biziz joaten da kitarra hartuta ikusten duen eszenatokira berea egitera». Hala idatzi zuten Markox Iraolak eta Xalbardinek, Euskal kantagintzaren aldaketak ulertu nahiz izenburudun artikuluan (1).

  • Plazarik plazaPlazarik plaza

    Merezi bezalako aitortzarik jaso ez badute ere, plaza taldeek ekarpen handia egin diote euskal kantagintzari. Hainbat musikariri jendaurrean aritzeko eta bizimodua ateratzeko aukera eskaintzeaz gain, berbena taldeei zor zaie 70eko hamarkadan euskarak gaztelania ordezkatu izana gure herrietako dantzaldietan, eta irratietan euskal musikarik apenas entzuten zen garai luzean euskarazko abestien zabalkunde lana ere egin zuten. Akelarre, Egan, Minxoriak, Joselu Anayak, Drindots, Lisker, Trakets... ibilbide luzea egin duten taldeetako batzuk dira. Haatik, 90eko hamarkadaz geroztik, jai herrikoien eredua aldatzearekin bat, plazak hustuz joan dira, emanaldiak gutxitu dira eta talde asko desagertu, baina belaunaldi berri batek hartu du lekukoa.
  • Euskal rock-and-rollaEuskal rock-and-rolla

    Rock-and-rolla 1954. urtean jaio zela esaten da, baina aitatasuna ebazterakoan ez dira ados jartzen historialariak. Batzuen arabera, Bill Haley & The Cometsek "Rock Around The Clock" grabatu zuten egunean sortu zen. Kantu hura rock-and-rollaren historiako lehen arrakasta handia izan zen, Richard Brooksen Blackboard Jungle filmaren oihartzunari esker. Historialari gehienek, ordea, Elvis Presleyren "That's All Right Mama" hartzen dute XX. mendeko kultur fenomenorik zabalduenaren abiaburutzat. Musikari beltzen rhythm and bluesa eta zurien countrya uztartzetik sortutako soinu berriak aldaketa soziala ekarri zuen, errebeldian oinarritutako identitate kolektibo bat ernatu zuen, ikonografia berri bat sortu, kontsumo gizartearen beste zimendu bat ipini...
  • Folk loraldiaFolk loraldia

    Euskal folk berriaren bilakaeraz hitz egiteko, nahitaezkoa da kontuan hartzea Espainiako gerraren ondoren euskal kulturak eta, noski, baita musikak ere hainbat hamarkadatan izandako geldialdia. Geldialdi horrek erabat baldintzatu zuen handik aurrerako euskal musikaren garapena. Horren harira, 60ko hamarkadan gauzatzen hasi zen loraldi kulturala arte itxaron behar izan zen gure herri musikak galdutako urratsak berreskuratzen hasi eta aurrera begira jartzeko. Azkenik, ez litzateke bereizi behar euskal folk berriaren bilakaera munduan eta, batik bat, Europan garai bertsuan gertatzen den herri musiken inguruko ikuspegien bilakaeratik, inoiz baino harreman zuzenagoa baitzuten ziurrenik.

  • RRV-ren eztandaRRV-ren eztanda

    Rock Radical Vasco deituriko mugimenduaren barruan, 1983. urtetik 1990. urte bitartean, herriz herri jotzen ibili ziren Euskal Herriko zenbait musika talde eta haien inguruan sortutako azpiegitura (diskoetxeak, gaztetxeak, irrati libreak...) sartu ziren. RRVk ez zuen musikalki norabide zehatz bat izan, nahiz eta rock eta punk sustraiak nagusitu ziren mugimenduan. Talde guztiak Euskal Herrian sortuak ziren, eta erradikaltzat jotzen ziren haien kantuen hitzak eta jarrera. Besteren artean, Zarama, Hertzainak, Kortatu, La Polla Records, Barricada, Cicatriz eta Vomito taldeak sartu zituzten hizki haien azpian, baina askok muzin egin zioten izendapen hari. Talde gehienek gaztelaniaz abesten zuten.

  • Euskarazko metala: berezko nortasunaEuskarazko metala: berezko nortasuna

    Heavy metal musika 70eko hamarkadaren bukaeran iritsi zen Euskal Herrira, Europatik zein Ameriketako Estatu Batuetatik. Jimmi Hendrix, Led Zeppelin, Deep Purple edo Black Sabbath izan ziren estiloa izendatu, garatu eta munduratu zutenak. Gurean, Angeles del Infierno taldea (Lasarte-Oria, 1978) izan zen aurrenekoa heavy metala jorratzen. Garai hartan, gaztelaniaz abesturiko rock gogorrak eztanda egin zuen Espainian. Testuinguru hartan, gipuzkoarrek sona berezia hartu zuten, Baron Rojo edota Obus taldeekin batera. Gerora, makina bat talde sortu ziren Euskal Herriko hainbat txokotan: Osiris Araban, Exodo Bizkaian, Caid Deceit, Thor eta Leize Gipuzkoan, eta Sparto eta Mephisto Nafarroan. Talde horiek guztiek, antzeko ezaugarriak zituzten. Heavy edo hard rock musika gaztelaniaz abesten zuten, eta kantuen letrek gizarte gaiekin lotura zuten. Ipar Euskal Herrian, Killers taldea (Baiona, 1985) ezin da ahaztu. Frantsesez abestu arren, bazituen zenbait kantu euskaraz.

  • Trikitixa, baserritik kaleraTrikitixa, baserritik kalera

    Etimologiari erreparatuz, trikiti onomatopeia bat da, eta onomatopeia hori panderoaren soinuari dagokio, trikiti-trikiti-trikiti... Beraz, badirudi terminoaren lehen zentzua musikari, errepertorio musikalari dagokiola. Trikiti terminoak gaur oso gauza diferenteak adierazten ditu, genero musikalari, dantzari, genero literarioari edo instrumentuari buruz ari bagara. Batzuentzat dantza mota bat da, beste batzuentzat musika estilo bat, baina gaur egun eta orokorrean tresnari, akordeoi diatonikoari deitzen zaio trikitia, nahiz eta akordeoi diatoniko eta panderoaz egindako bikote instrumentala ere horrela deitzen den. Bizkaian orain hogei urtetik honako terminoa da trikitia; filarmonikea erabili izan da, italierazko fisarmoniche-tik datorren terminoa.

  • 90eko hamarkada oparoa90eko hamarkada oparoa

    80ko hamarkadak eztanda ekarri zuen euskal gizartera. Arlo askotan irekiera izan zen, baina luzaroan gordetako amorrua eta haserrea kanporatu beharrak Poliziaren, politikarien eta Elizaren kontrako salaketa gordin eta espontaneoa ekarri zuen, eta musikara ere iritsi zen; gauzak serioegi hartzen ziren. Musikan, erakusle nagusia punka zen. 90eko hamarkadan, baina, iraganeko erantzun eta kritiketatik ikasi eta amorru hori leuntzeaz gain, gauzak hobeto egiten ikasi zuten musikari, kontzertu antolatzaile eta musika eragileek; eskaintza zabaltzeaz gain, entzuleak estilo eta proposamen askotara ireki ziren, ordura arte ez bezala. Baita bestelako gai eta hitzetara ere. Ez hori bakarrik, euskarak aurrerapauso handia egin zuen, ordura arte rock gehiena gaztelaniaz egiten baitzen. Sortutako talde ugarien eskariz, gaztetxe sare zabala sortu zen, eta diskoetxeak eta grabazio estudioak ugaltzeaz gain, prentsa ere hasi zen musikan askoz arreta handiagoa jartzen. Oso hamarkada oparoa izan zen.