Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > enbor
enbor > biografia

Euskal folkak 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera izan zuen bilakaeraren adibide esanguratsuenetakoa izan zen Enbor taldea. Garaiko beste talde batzuek bezala (Haizea, Izukaitz), Ingalaterratik zetorren folk eta rock progresiboaren eragina jaso zuen, eta hori euskal herri musikarekin eta jazz ukituekin uztartu zuen. Ibilbide laburra egin zuen, baina argitaratutako bi diskoak,  Enbor (Xoxoa, 1979) eta Katebegiak (Xoxoa, 1980), pieza preziatuak bilakatu dira denborarekin bildumazaleen artean.

Francisco Franco diktadorearen heriotzaren ondoren Hego Euskal Herrian loratu zen euskal folk progresiboaren ordezkari garrantzitsuenetakoa izan zen Enbor, nahiz eta gaur egun taldeak grabatu zituen bi diskoak nahiko ezezagunak izan.

Taldea Amaia Kareagak (ahotsa), Joxe Portelak (ahotsa eta gitarra akustikoa), Ramon Gardeazabalek (gitarra), Iñaki Arnalek (baxua), Manu Urretxagak (saxofoia, flauta, klarinetea, dultzaina), Javi Robadorrek (bateria) eta Iñaki Gutierrezek (ahotsa eta gitarra) sortu zuten 1978an Bilbon. Portela eta Gardeazabal Bilbo inguruko hainbat rock taldetan aritutakoak ziren. Atzerriko taldeen bertsioak egiten zituzten hasieran, ingelesez, baina Amaia Kareaga batu zitzaienean euskaraz abesten hasi ziren. Bestalde, Urretxaga eta Gutierrez Gernika taldean ibilitakoak ziren. Azken hauen taldea desegin zenean, batu ziren denak Enbor sortzeko.

Musika ulertzeko bi modu ezberdin elkartu ziren Enborren. Alde batetik, Gernika taldetik zetozenak eta Amaia Kareaga zeuden, folkari eta musika koralari lotutakoak, eta bestetik Gardeazabal, Portela, Arnal eta Robador, rock munduari, eta batik bat rock progresibo eta sinfonikoari, atxikitutakoak. Nolanahi ere, 70eko hamarkadaren amaieran folka eta rock progresiboa hasiak ziren elkarri lotzeko hariak eraikitzen, eta Euskal Herrian baziren, bakoitza bere ñabardurekin, bi eremuen artean mugitzen ziren taldeak: Itoiz, Haizea, Itziar, Izukaitz...

Enborrek 1979ko udaberrian eman zuen aurreneko kontzertua, Basaurin, eta berehala iritsi zitzaion disko bat grabatzeko aukera Xoxoa diskoetxearen eskutik. Robert Suhas Errobi taldeko teklatu jotzaileak Donibane Lohizunen zuen estudiora (Bacchanales) irailean sartu ziren Enbor (Xoxoa, 1979) grabatzera, eta hilabetea han pasatu zuten. Ziburuko hotel batean lo egiten zuten eta arrats-gauetan diskoa grabatzera joaten ziren Jean Phocas teknikariarekin. Diskoa, azkenik, abenduan kaleratu zuen Xoxoak. Rock progresiboaren eta folkaren eraginak uztartu zituen taldeak bertan, ahots harmoniei garrantzia handia emanez –hiru kantari ziren-. Musika gehienak Portelak eta Gardeazabalek idatzi zituzten, eta hitzak, aldiz, Koldo Izagirrek ("Zu maitatzea", "Zuek ez dakizue"), Mikel Arregik ("Ene olatu odolduak", "Ondoan ez dut inor") eta Gabriel Arestik ("Ekaitzak") idatzitakoak ziren, besteak beste.

1980ko neguan kontzertu batzuk eman zituen taldeak, baina taldekide aldaketak ere jasan zituen. Amaia Kareagak eta Javi Robadorrek taldea utzi zuten, Iñaki Gutierrez zuzeneko tenikari lanetara pasatu zen, eta haien ordez Josean Torrontegi (bateria; Gernika) besterik ez zen sartu. Horren ondorioz, musikalki ere garapena izan zuen Enborrek, eta kantari bakarrarekin (Portela) desagertu egin ziren taldearen lehenengo kantuetan hain ohikoak ziren ahots harmoniak. Horrek folketik pixka bat aldendu eta rock sinfonikoaren bidean jarri zuen taldea.

Urte hartan bigarren diskoa, Katebegiak (Xoxoa, 1980), grabatu zuen taldeak Galdakaoko Xoxoa estudioan, berriro ere Jean Phocasen laguntzarekin. Taldea boskote formaziora egokitua bazegoen ere, diskoan hainbat kolaboratzaile izan zituzten: Karlos Gimenez (pianoa), Pako Diaz (bateria), Aitor Amezaga (teklatuak) eta Amaia Kareaga bera (ahotsa). Portelak adierazi duenez, Xoxoa estudio ona zen, baina presaka eta modu "ez oso erosoan" grabatu behar izan zuten diskoa. Grabatzen ari zirenean, estudioa desmuntatu behar izan zuten, Korrika euskararen aldeko ekimenaren alde Bilboko Erakustazokan zuzeneko disko bat grabatzeko. Enborrek "Kutsadura" kantuarekin hartu zuen parte diskoan, eta horretaz aparte Xixupika, Akelarre, Txomin Artola, Oskorri, Xut eta Niko Etxart ere azaldu ziren bertan.

Katebegiak-ek rock progresiborako joera are agerikoagoa erakusten zuen, eta horren erakusle zen A aldea oso-osorik betetzen zuen izen bereko pieza luzea. Aurreko diskoan ez bezala, kantu guztietako hitzak idazle bakarrak idatzi zituen, Luis Rodriguezek.

Diskoa kalean zegoela, kontzertu batzuk eman zituen taldeak, baina kanpoko eragile batzuk zirela eta (soldadutza, lana, ikasketak), gelditu egin zuen jarduna Enborrek. Urtebete ingurura, Portelak eta Gardeazabalek berpiztu egin zuten taldea beste musikari batzuekin (Joseba Gotxi, Fabian Akarregi, Javi Urrejola eta Manolo Gallardo), eta maketa bat grabatzeaz gain, kontzertu gutxi batzuk ere eman zituzten. Baina lan beharrek berriro eraman zuten taldea desagertzera. Ezin zituzten lana eta taldea uztartu, eta garaiko beste talde batzuek ez bezala, nahiago izan zuten erromerien eremuan ez sartu.

Lost Vinyl diskoetxeak Enborren bi diskoak berrargitaratu zituen 1994an CD formatuan.

Testua: Mikel Lizarralde

>>Enbor

Xoxoa, 1979 (LP)

>>Katebegiak

Xoxoa, 1980 (LP)