Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > esne beltza
esne beltza > biografia
 webgunea

Esne Beltza taldea 2007. urtean sortu zuten Fermin Muguruza kantariarekin aritutako zenbait musikarik, tartean Xabier Solano trikitilariak (Etzakit, The Solanos, Lau Itzal) eta Zigor Lampre disko jartzaileak (Selektah Kolektiboa). Reggae, rock, pop, hip hop, cumbia eta ska doinuak nahasten ditu Esne Beltzak, Negu Gorriak-ek, Muguruzak berak edota Mano Negrak jorratutako ildo beretik. Lau disko argitaratu ditu, azkena Gora! izenekoa (5GORA, 2013).

Fermin Muguruzak eta bere taldeak, Afro-Basque Fire Brigadek, 2007. urtean egindako biran mamitu zen Esne Beltzaren proiektua. Xabier Solanok (ahotsa eta eskusoinua), Jon Elizaldek (tronboia), Aritz Lonbidek (tronpeta) eta Zigor Lampre DZ-k (dj) rocka, reggaea, ska, soula, kunbia, trikitixa eta bestelako doinuak bere egingo lituzkeen talde berri bat sortzea erabaki zuten. Muguruzak berak proposatu zien Esne Beltza izena jartzea egitasmoari, musikari zuriek egindako musika beltzaren metafora gisa.

Sergio Ordoñezek (ahotsa eta guiroa; Joxe Ripiau, Patxuko Nice), Jon Mari Beasainek (gitarra; Etzakit), Pello Gorrotxategik (teklatuak; Izotz), Iban Zugarramurdik (bateria; Baldin Bada, Su Ta Gar) eta Aitor Zabaletak (baxua; Etzakit, Izotz) osatu zuten taldea. Horrez gain, Jon Garmendia "Txuria" da hamargarren taldekidea, kantuen hitzak idazteaz arduratzen da.

Kantuak egiteari ekin zioten eta kontzertuak ematen hasi baino lehen argitaratu zuten lehen diskoa, Made in Euskal Herria (Gaztelupeko Hotsak, 2008). Taldearen ildo nagusiak jasotzen ditu Xabi Pery soinu teknikariarekin (Itoiz) grabatutako disko horrek: musika estiloen aniztasuna, kantu dantzagarrietarako joera, kultura ezberdinetako gonbidatu ugarien presentzia -hortaz, euskaraz gain beste hainbat hizkuntza entzuten dira Esne Beltzaren kantuetan-, eta maitasun eta salaketa hitzak. Hainbat lagunek kolaboratu zuten diskoan: Fermin Muguruza, Sorkun, Fernando Gimeno (Kuraia, El Corazón de Sapo), Moro (Bad Sound System), Stephanie Wallace jamaikarra, Kyou Sakurai japoniarra...

Disko hark ez zuen berebiziko oihartzunik izan, baina geroztik taldearen onarpenak gora egin du diskotik diskora. Noa (Baga-Biga, 2010) hainbat herrialdetan grabatu zuten (Beirut, Jamaika, Japonia, Bartzelona, Euskal Herrian), tokian tokiko kolaboratzaileekin (Cinderella jamaikarra, Ousmane senegaldarra, Flavio eta Rude italiarrak, Yage japoniarra, Johnny el Bola boliviarra, Berri Txarrak-eko Gorka Urbizu, militiabeirut talde libanoarra...). 17 kantuen artean, Kilometroak 2010 jairako egindako "Hona bostekoa" kantua zegoen.

Lehen bi diskoen artean, Esne Zopak proiektu paraleloa sortu zuten Solanok eta Beasainek, trikitilari zaharren memoria gordetzeko. Oraingoz disko bakarra kaleratu dute, Esnesaltzailearena (Gaztelupeko Hotsak, 2009).

Hurrengo lana, Freedom 3 kolpetan (Baga-Biga, 2011), CD eta DVDa izan zen. Diskoak kantu berriak, remixak, riddims-ak eta kantu zaharren bertsio berriak jasotzen ditu -"Nahi dut" izenekoak lortu zuen oihartzun handiena-, eta ohi bezala, hainbat kolaboratzailek hartu zuten parte. DVDak berriz, Japonian (Fuji Rock jaialdian), Durangon eta Donostian emandako hiru kontzertuen irudiak biltzen ditu.

2013. urteko Korrikaren amaieran eskaini zuen Esne Beltzak Freedom 3 kolpetan aurkezteko azken kontzertua, eta jarraian taldekideetako batzuk -Solano, Lampre, Elizalde, Lonbide eta Iban Zugarramurdi- Fermin Muguruza eta Kontrakantxaren No More Tour biran murgildu ziren. Martxotik abuztura bitartean 55 kontzertu eman zituzten mundu osoan zehar, baina hala ere, denbora hartu zuten kontzertuen arteko tarteetan Esne Beltzaren kantu berriak sortzeko. Horrela, irailean estudioan sartu ziren Gora! diskoa grabatzera. Berriz ere kolaboratzaile ugari izan zituzten (Mala Rodriguez, Malena d'Alessio, La Canija, Jeff Robredo, Ras Daniel Ray, Adrià Salas, Fermin Muguruza...), baina taldeak soinua berritzeko ahalegin berezia egin zuen estudioan. Horrez gain, autoekoizpenaren aldeko urratsa eman zuen, 5GORA zigilua sortuz.

Disko honetan beste kide bat gehitu zen taldera: Oier Zeberio saxofoi jotzailea.

2014ko otsailean hasi zuten Gora! zuzenean aurkezteko bira. Taldean bi aldaketa gertatu ziren: Sergio Ordoñezek eta Aritz Lonbidek taldea utzi zuten eta haien ordez Gorka Suaia (Kodigo Norte) eta Arkaitz Sistiaga sartu ziren.

Azken bost urteotan ehunka kontzertu eskaini ditu Esne Beltzak, horietako batzuk Galizian, Katalunian, Japonian eta Alemanian, eta Euskal Herriko jaialdi jendetsuetan jo du, Euskal Herrian Zuzenean eta BECatu kasu.

Diskoetatik kanpo, hainbat ekimenetarako kantuak sortu ditu Esne Beltzak, enkarguz: "Udalbiltza aske!" (Udalbiltza erakundearen alde), "Revolutions Piratak" (Donostiako Piratak jai alternatiboen aldeko kolektiboarentzat), "Hona bostekoa" (Korrikaren alde)... Halaber, Gazta zati bat (Jon Maia, 2012) filmeko soinu banda egin zuten Xabier Solanok eta Zigor Lamprek.

Sergio Ordoñezek Patxuko Nice taldea gidatzen du. Jon Mari Beasain ere talde horretako partaidea da.

Testua: Jon Eskisabel

esne beltza > hemeroteka

>>Made in Euskal Herria

Gaztelupeko Hotsak, 2008 (CD)

>>Esnesaltzailearena

Gaztelupeko Hotsak, 2009 (CD-DVD)

>>Noa

Baga-Biga, 2010 (CD)

>>Freedom 3 kolpetan

Baga-Biga, 2011 (CD-DVD)

>>Gora!

5GORA, 2013 (CD)