Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > balerdi balerdi> hemeroteka
balerdi balerdi > hemeroteka

Ez gara galdu. Argia, 1.522. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1995-03-19)

Balerdi Balerditarrak etziren rock munduan herenegun sartu, urte asko daramatzate musika egiten proposamen ezberdinekin, eta Balerdi Balerdi izenpean aurkeztu diguten proiektua sendoa da.

Gauzak lasai hartzen dituzte (horretarako aukera badute, beraien zigiluan argitaratzen baitituzte diskoak), eta lehenbiziko lana aurkeztu zutenetik LP honetaraino hiru urte pasa dira; hortxe agian izenburuaren gakoa, Ez gara galdu. Denbora alferrik pasa ez dela argi geratzen da disko osoa entzun ondoren, lanak osotasun handia du. Badaude abesti batzuk besteen gainetik nabarmentzen direnak, baina soberan dagoen abestirik ez da entzuten.

Gaztetxo batzuk ez izateak eta musika egiten urte asko daramazkitela jakiteak, beraien proposamena hobeto ulertzera eraman gaitzake; egun modan edo behintzat gehiago entzuten ditugun estiloak ez dira lan honen eredu; Balerdi Balerditarren musikaren sustraiak denboran urrunago daude, rock-and-roll klasikoan, pop-rockean, gitarren rockean. Honen adibidetzat jar dezakegu bertsioneatzeko aukeratu duten abestia, The Smithereens taldearen "Time and time again", beraiek "Behin eta berriz" birbataiatu dutena, nahiko ondo jorratuta dagoelarik. Konposizioak sinpleak dira, erraz sartzen diren horietakoak, abesti guztiak bide bere bat jorratuz, teknika demostrazio handirik egin gabe, egungo musika gehiegitan gertatzen denaren kontrakoa.

Diskoa "Ez gara galdu" abestiak irekitzen du, irrati formula guztietan hit izugarri bat izan beharko lukeen abestia, baina txo!, hau euskal musika duk!; dudarik gabe, diskoko abestirik hoberena eta euskal musikaren historian ere lekutxo bat merezi duena.

Erdialdean, "Mary, Mary" azaltzen da, umore beltzarekin eginiko maitasun adierazpena, mandolina eta guzti; beste abesti garrantzitsu bat. "Gabe jauna", "Aizu mutil"... sekzio erritmikoa beti sendo, zauririk gabe, gitarrari protagonismoa utziz.

Lan biribila Balerdi Balerditarrek aurkeztu digutena, baina dena ez da larrosa kolorekoa; ahotsa batzuetan nekatzera irits daiteke tonu eta melodiak oso antzekoak gertatzen baitira, baina hau letrekin konpontzen da. Beste akats bat teklatuen presentzia eskasa da, gitarren rocka egitea ondo dago, baina teklatu bat izanda joko gehiago atera beharko liokete.

Proposamen interesgarri eta ausarta da eta ea ez diren beste hiru urte pasatzen beraien hurrengo lanaz gozatzeko aukera izateko. 

 

Jon Martija
balerdi balerdi > diskografia

>>Balerdi Balerdi

Gor, 1991 (LP)

>>Ez gara galdu

Gor, 1994 (CD)

>>Hegoko lautadaren ertzetik

Musikorta, 2012 (CD)

Askoren artean

- Toki-lekun (Musika: Sergio Ibarrola-Hitzak: Sergio Ibarrola, Toño Muro); Euskal Herriak izan behar du euskalduna eta librea! (EHE, 1996)

- Bapatean (Musika eta hitzak: Toño Muro); IKAratu beldurrik gabe (IKA, 2000)