Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > jexuxmai lopetegi> hemeroteka
jexuxmai lopetegi > hemeroteka

«Niri gitarrak egin didan mesede hori oraingo gaztetxoei egitea nahi nuke». El Diario Vasco. (Elkarrizketak) (2013-11-03)

Jexuxmai Lopetegik (Zarautz, 1956) bere seigarren diskoa kaleratu du: 'Errekan gora' (Bagabiga Musika Ideiak). Ohi bezala, rocka da nagusi, baina, aurrreko diskoan bezala('Izar uxo', 2009) egin ditu jazzean sartu-irten batzuk ere.

-Beraz, Harkaitz Canorekin literatur tailer batean egin zenuen topo, eta enkontru horrek emaitzak ekarri ditu.

-Bai, berak Getarian gidatzen zuen literatur tailer batean egin genuen topo. Lehenengo aldia izan zen berarekin mintzatzen nintzena. Nik begiz joa nion olerki bat, 'Norbait dabil sute eskaileran' liburukoa: 'Ni naiz Basquiat'. Galdetu nion: «Aizak, Harkaitz, poema hori erabiltzea bazeukeat?». Eta berak baietz. Laneko modu bitxia izan zen orduan Harkaitzekin. Poemak esaldi luzeak zeuzkan eta egin genuen moztu, mutilatu. «Konforme, egingo dugu rekortable bat», esan zidan berak.

-Eta kantu hori azkeneko diskoan azaldu zen, orain dela lau urteko hartan. Oraingoan, berriz, Harkaitzen 'Gogoratu, ahaztu' erabili duzu, poema berria uste dut.

-Bai, orain dela pare bat urte esan nion poemaren bat bidaltzeko eta hau bidali zidan. Esan nion: «Aizak, Harkaitz, hemen kanta bat baino gehiago zeudek!». Gero, hau ere mozten joan gara, Mitxel Muruaren laguntzarekin.

-Zenbaitetan, olerki batzuk desegokiak dira abesti bihurtzeko, batik bat esaldien luzerarengatik.

-Bai, hor badakizu: kantetan toki gutxi dago eta gauza asko kontatu behar dituzu. Harkaitz Canoren jarrera ona izan da. Testua moldatzeko batere arazorik ez du ipini.

-Orain ere baliatu duzu Pako Aristiren testu bat. Harekin urteetako harremana daukazu.

-Bai, hogei urte beharbada. Venezuelara joan ginen elkarrekin. Lehengo astean izan naiz berarekin, disko entregatzen. Poema bat eman zidan, oso poema autobiografikoa, eta esan zidan: tori, Jexuxmai, hi kapaz izan haiz-eta 'Ni naiz Basquiat'ekin kantua egiteko. Orain hitzaldiak ematen eta Euskal Idazleen Elkarteko gauza batzuekin ari da, baina badakit bi liburu publikatuko dituela datorren urterako.

-'Errekan gora' kantak zure letra dauka eta hau diozu: «Errekan gora kantari nauzue. / Goi urtegia, berriz, aurrez aurre. (...) Salto egin dut, salto, / baina urrun dut goi-lakua». Beraz, esan liteke izokintzat duzula zeure burua, errekan beti borrokan.

-Joko asko ematen du testu horrek. Istorio polita da, ez delako buka-tzen. Nahiago dut saltaka segi.

-Izan ere, goiko lautada harrapatuz gero, akabo lana.

-Horixe.

-Hau bakarkako seigarren lana duzu. Zure ustez, ibilbide luze honetan zein da harrera onena izan duen abestia?

-Bat aukeratzekotan, 'Sorlekuaren kanta', aurreko diskoan eman nuena. Joseba Sarrionandiaren olerki bat hartu nuen hura egiteko. Bazegoen kantu horren beste bertsio bat bigarrengo diskoan, baina ez nintzen oso konforme gelditu, eta horregatik publikatu nuen beste disko horretan ere. Hori da jendeak gehien komentatu izan didana.

-Gitarrako irakaslea zara Zarautzen. Zer da zuretzat tresna hau?

-Lagun bat. Gazte garaian gitarrak asko lagundu zidan egonezinak baretzeko. Tristuraldia zetorrenean, hartu gitarra eta lagundu egiten zidan. Hainbat aldiz. Eta gero, irakasle moduan, hainbat gurasori esan diot: ume honi gitarrak on egingo dio. Gitarrak ematen dizu ahalmena era erraz eta xume batean kanta hori zeureganatzeko. Niri gitarrak egin didan mesede hori oraingo gaztetxoei egitea nahi nuke, eta horretan ari naiz.

-Honezkero gazte asko pasako ziren zure eskuetatik, eta horietatik ez ziren gutxi izango gitarraren maitale bukatu dutenak.

-Familia handi bat sortu da. Egia da. 1992tik ari naiz gitarrako eskolak ematen. Hasieran estraeskolarrak eman nituen Orokieta herri-eskolan eta La Salleko ikastetxean. Gero Zarauzko Musika Eskolan hasi nintzen... Amaiur Cajaraville ere hor ari da irakasle, eta disko honetan ere jardun da.

-Zenbat alditan hartu dituzun Sarriren olerkiak kantak egiteko!

-Nik uste 1983. urte aldera, Mikel Elortzak -orduan gazte-gaztea, eta denok ezagutzen duguna- Zarauzko AEKn zuzendari zegoela, fotokopia batzuk banatu zizkigun 'Enperadore eroa' ipuinarenak. Hiztegia aberasteko Sarrirekin hasi ginen.

-Zu han alfabetatze-mailan ariko zinen.

-Bai. Gogoratzen naiz liburu hura Bilboko aurrezki kutxak argitaratu zuela, sariren bat irabazitakoa zelako. Barruan marrazki batzuk zituen. Gehiago ez da publikatu; hor eskumen-arazo batzuk daude, nonbait. Hura publikatu ezkero ez legoke saltzeko arazorik; mundu guztiak erosiko luke.

-Hara hor diskoaren azala. Hor zer ikusten duzu?

-Nik uste dut arbola horren barruan ni nagoela. Ez dakit Antton Olariagak zehatz zer adierazi nahi izan duen, baina ematen du zuhaitz zaharretik adaska berriak ateratzen direla. Eta portadari buelta ematen diozu eta hor atzeko aldean euri-tantak txori bihurtzen dira. Eta hor sei zuhaitz ikusten dira errenkadan. Mitxel Muruaren bitartez ezagutu dut Olariaga. Esan zidan: «Nirekin egon zen Ereinen eta esango diot». Eta nik: «A por él». Bazkari bat egin genuen hirurok, pasa nizkion hitz denak eta diskoa, eta lanean hasi zen. Nik uste dut Olariaga eta Zumeta elkar miresten dutela eta, adibidez, koloreen ugaritasun horretan nabari da Zumetaren oihartzuna.

-Portadan txoriak agertzen dira eta diskoko lehenbiziko kantuan txoriak aipatzen dituzu, garai batean Zarauzko Erriberan ikusitakoak.

-Bai, hegazti asko zeuden. Ia gehienak desagertu dira bertatik, baina pentsatu nahi dut beste nonbait babestu direla. Galdera hau egiten dut kantuan: «Non ote erromes gure txoriak?».

-Aurkezpen-kantaldia prest izango duzu, noski.

-Zarautzen azaroak 8 aurkeztuko dugu, 20:30ean. Lehengo zine-aretoan izango da, orain biziberritua dago, Modelo Aretoa du izena. Eta saioa grabatu egingo dugu. Gero Durangoko Ahotsenean ere joko dugu, abenduak 6.

-Kolaboratzaile batzuk oso aspaldikoak dituzu.

-Bai, Arozenatarrak eta orain Bide Ertzean ari den Karlos Aranzegi lehenengo taldekoak ditut. Badira hogei urte; 1993an jarri genuen hitzordua diskoa ateratzeko. Gero, bigarren diskoan sartu ziren Satxa Soriazu eta besteak.

Felix Ibargutxi
jexuxmai lopetegi > diskografia

>>Jesusmai & Noizbehinka

Gor, 1994 (CD)

>>Denboratik at

Soar eta abar, 1997 (CD)

>>Ez diren gauzak

Soar eta abar, 1999 (CD)

>>Laua

Egilea editore, 2003 (CD)

>>Izar uxo

Elkar, 2009 (CD)

>>Errekan gora

Baga-Biga, 2013 (CD)

Askoren artean
- Kresalari xirri (Hitzak eta musika: Jexuxmai Lopetegi); Olatu berria / Kmk'04 Orio + Zarautz (2004)