Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > idatzizkoak > muskaria
muskaria

1980an sortu zuten Musikaria musika aldizkaria, Leioako Kazetaritza Fakultateko hiru ikasleren ekimenez: Roge Blasco, Oskar Amezaga eta Pedro Mari Azkorra. Bihilabetekaria zen, eta hogeita hamar zenbaki kaleratu zituzten. Elebiduna bazen ere, gaztelaniak euskarak baino askoz orri gehiago hartzen zituen. Euskal Herriko lehen rock aldizkaria izan zen.

"Muskaria atera zenean, guri Txomin Artola, Haizea, Itoiz, Amaia Zubiria, Izukaitz, Iñaki Eizmendi eta antzeko musika gustatzen zitzaigun. Rocka eta folka egiten zuten taldeak genituen gustuko. Aldizkari bat egitea pentsatu genuen. Amezagak jarri zuen diru apur batekin hasi ginen. Inork ez zuen gure aldeko apusturik egiten", azaldu zuen Roge Blascok (1).

Euskal Herriko musikak osatzen zuen Muskaria-ren ardatza, nazioartean egindakoak leku zabala bazuen ere. Gurean sortzen zen musikaren berri emateaz gain, jarrera kritikoa eta eztabaida piztu nahi zituen irakurleen artean. Euskal kantagintza eboluzionatzen joan zen heinean, aldizkariaren edukia ere aldatu zen. Hala, lehen zenbakietako orriak kantagintzako abeslariei eta folk-rock taldeei egindako elkarrizketekin nahiz tresna tradizionalei buruzko artikuluekin (alboka, txistua...) osatu zituzten, eta, 1984. urtetik aurrera, rock musikan espezializatutako aldizkaria izan zen, Rock Radikal Vascoren leherketarekin. Aldizkariaren estetika ere hobetzen joan zen urteak pasa ahala, kolorea heldu zen azalera, baina barruko orrialdeetan zuri-beltzari eutsi zioten.

Kazetari eta kolaboratzaileen artean, gerora ibilbide luzea egin duen jendea zegoen: Roberto Moso, Pablo Cabeza, Pedro Elias Igartua, Pedro Espinosa (Kepa, Kolega), Edorta Arana, Roge Blasco, Ritxi Aizpurua...

2010eko abenduan Banizu Nizuke elkarteak aldizkariaren bilduma osoa berrargitaratu zuen, kutxa batean. Zenbaki berezi bat gehitu zioten, zeinean kolaboratzaileek aldizkarian izandako esperientzia gogoratzen duten.

  • (1) Barkatu, ama gehigarria, Euskaldunon Egunkaria, 1997ko azaroaren 20a 

Elkarrizketak: Anaitasuna

  • "Muskaria" aldizkariaren lehen zenbakiaren azala.

    "Muskaria" aldizkariaren lehen zenbakiaren azala.