Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > angel katarain
angel katarain > biografia
 webgunea

Musikaria, ekoizlea eta soinu teknikaria da Angel Gonzalez Katarain (Ordizia, Gipuzkoa, 1961). 80ko hamarkadaren hastapenetan egin zituen lehen urratsak diskoak grabatzeko lanean eta zuzeneko teknikari gisa. Geroztik, ehunka disko grabatu ditu eta lan harreman estua izan du hainbat talde eta bakarlarirekin: M-ak, Kortatu, Negu Gorriak, Ruper Ordorika, Fermin Muguruza... Hainbat urtez IZ estudioan lan egin ondoren, 1996an, bere estudioa ireki zuen, Azkaraten (Nafarroa).

Angel Gonzalez Katarain autodidakta da soinu grabazioaren arloan. 12-13 urterekin hasi zen horrekin interesatzen, eta 16 urterekin lehen taldeari heldu zion. Donostiako IZ estudioan hasi zen lanean, 80ko hamarkadaren hasieran, Fernando Unsain, Kaki Arkarazo eta Mikel Usabiagarekin batera. Estudioan aukera izan zuen soinuekin esperimentatzeko eta sorkuntzan aritzeko. Horrela, musika instrumentaleko bi disko grabatu zituen 1983. eta 1984. urteetan, baina ez ziren inoiz argitaratu: Durango Azoka eta Al fin. Grabazio horiek berriz masterizaturik, cd formatuan kaleratu zituen 2001. urtean, lagun eta ezagunen artean banatzeko. Geroztik musika sortzen jarraitu du Katarainek, baina inoiz ez du berau bide komertzialetatik zabaltzeko asmorik izan.

IZ estudioan antzeko kezka musikalak zituen lankide bat aurkitu zuen Katarainek: Kaki Arkarazo. Elkarrekin egindako sorkuntza lan esperimentaletan erein zuten bi musikariek M-ak taldearen hazia, eta urte batzuk geroago Arkarazok kaleratutako diskoa ondu zuten, Matxinadak-1 (IZ, 1987). M-ak taldearen lehen diskoak grabatu zituen Katarainek, eta taldearen zuzeneko teknikaria izan zen. Halaber, Mikel Laboaren omenezko diskoan parte hartu zuen, Txerokee-n, "Txoria txori" kantuaren moldaketa lekeitiarra eginez. Geroago, beste askoren artean, Kortatu, Negu Gorriak, Ruper Ordorika eta Fermin Muguruzarekin lan egin du, estudioan zein kontzertuetan.

1996an Katarain estudioa sortu zuen, Azkaraten (Nafarroa). Han grabatu dute hainbat kantarik eta taldek: Anarik, Ruper Ordorikak, Hiru Trukuk, Jabier Muguruzak... Grabazio estudioaren azpiegituraz baliatuz, Tx zigilua sortu zuen, eta hainbat talde eta musikariren diskoak kaleratu: Argot, Lau Mono, Josetxo Goia-Aribe, Mo'Mau, Dr. Kronismo, Joserra Senperena... 

Musikan ez ezik, argazkigintzan, bideogintzan eta diseinuan ere aritutakoa da Angel Katarain.

Testua: Jon Eskisabel

>>Durango Azoka

TX, 2001 (CD)

>>Al fin

TX, 2001 (CD)

Askoren artean

- Txoria txori (Lekeitio) (Hitzak: JosAnton Artze-Musika: Mikel Laboa); Txerokee. Mikel Laboaren kantak (IZ-Seaska-Elkar, 1990)

- Itzuliko naiz (Hitzak eta musika: Fermin Muguruza); Asthmatic Lion Sound Systema Remix (CD Rockdelux 275, Sinedin 2009)