90eko hamarkadan Donibane-Lohizunen eta Ziburun (Lapurdin) sortutako taldea da Beltzez. Ipar Euskal Herriko rock gogorraren talde ezagunenetariko bat izan zen, eta bere ibilbide osoan zehar Euskal Herrian eta nazioartean ehunka kontzertu eman zituen, baita R-Dizka diskoetxearen sorreran parte hartu ere. Bi disko kaleratu eta hainbat bildumatan parte hartu eta gero, banandu egin zen, baina 2008. urtean berriz osatu zen kontzertu pare bat eskaintzeko. Horien artean, Miarritzeko Atabal aretoan emandakoa (1) azpimarragarria izan zen, taldeak erakutsitako indar eta freskotasunaren aldetik zein "revival" gisako honek publikoaren aldetik sortu zuen jarreraren aldetik, garai bateko taldearen garrantzia nabarmenduz.
Beltzez taldea 1989ko azaroan sortu zen Lapurdiko Donibane Lohizune eta Ziburu herrien arteko lagunak bilduz. Taldeko lehen kideak Fede Garcia (gitarra eta ahotsa; 1989-1990), Bubu Tavares (gitarra; 1989-1991), Pantxoa Angevin (gitarra), Xabi Gil (baxua; 1989-1998), Juan François Ampo "Ogittu" (bateria) eta Joseba Manterola (ahotsa) izan ziren. Hasieratik punk, hardcore eta rock gogorreko doinuei eutsi zien, Ipar Euskal Herriko egoera politikoa eta soziala aipatzen zituzten hitzak lotuz. Garai hartako ispilu bat, bi herri horien errealitatea argi adierazten zuena. Bide horri lotuz, 80ko hamarkadaren erdialdetik Lapurdiko kostaldeko bi herriek punk mugimenduaren eraginez betetako talde belaunaldi baten sortzea bizi izan zuten, Beyrouth Ouest, Primalinea, DelaDaube edota KGB bezalako taldeekin. Azken talde horrek Ipar Euskal Herriko aktualitean nahiko pisua hartu zuen, 1987an aitzaki faltsupean Luis abeslaria expulsatu egin zuelarik frantses poliziak (jatorriz Ortuellakoa zen).
Aske geratu bazen ere, erantzunez Donibane Lohizuneko poliziaburu baten etxearen aurka bi koktel molotof jaurtiak izan ziren, eta atxiloketa batzuen ondorioz Pantxoa Angevin kartzelaratua izan zen, mobilizazio kanpaina handi bat sortuz Iparralde osoan. Nonbaiten ere, esan dezakegu Beltzez ez zela inongo hautsetatik sortu, baina bai garai hartako "besta bai, borroka ere bai" ideia eta espirituaren adibide esanguratsu bat izan zela.
Taldeak lehen entseguak eta kontzertuak eskaini ondoren, 1991. urtean Iparraldeko Amanita diskoetxeak kaleratutako Dur d'oreilles bilduman parte hartu zuen "Hemendik" kantarekin. Baina taldearen diskografia propioa 6 kantuz osaturiko maketarekin hasi zen. Azalean oldartzeko prest dagoen Kalimero marrazki bizidunetako pertsonaiaren bertsio pertsonala azaltzen zen, taldearen behin betiko irudi gisa bihurtuko zelarik. Kontzertuekin ezin amaituz, geldi ezinean, taldeak berrikuntza batzuk egingo zituen 1993tik goiti, urte dezentez iraungo zuen formazioa batuz: Joseba Manterola (ahotsa), Ogittu (bateria eta koruak), Iñaki Ospital (gitarra erritmikoa eta koroak), Pantxoa Angevin (gitarra) eta Xabi Gil (baxua eta koruak).
1993an Patxa taldeak kaleratutako Insumisiorock bilduman parte hartu ostean, autoekoizpenaren bideari eutsiz, R-Dizka diskoetxearen sortzea erabaki zuten taldeko kideek eta inguruko lagun batzuk. Lehen emaitza 1994. urtean kaleratu zen, Beltzez lehen diskoarekin. 15 kantuz osaturiko lehen lan hori, Urruñako zinema gelan grabatu zuen taldeak, hilabete batez, eta hamabost egun nahasketentzat hartuz. Inolako presiorik gabe, eta autoekoizpenak eskaintzen zituen baldintzen pean, taldeak "oso gustura" pasa zuela adierazi zion prentsari (2). Gogoeta hori diskoaren entzuketan nabarmentzen da, hamabost kantu laburretan taldeak bere abiadura handiko melodiak hanka sartzerik gabe azaltzen zituelako. Halaber, "Euskadi Under kontrol", "Historia ez dadila errepikatu", "500ren urtemuga", "Benetako abertzalea" edota "Buruko mina" bezalako kantuetan garai hartako errealitateak islatzen zituen: politika, errepresioa, nortasuna, egunerokotasuna, drogak... entzuten ala entzun nahi ez ziren hitzak erabiltzen zituen taldeak. Telesforo Monzonek idatzitako "Itziarren semea" kantaren bertsioa edota zuzenean grabatutako "Beltzez" kanta ere jasotzen ditu diskoak.
Diskoak prentsaren eta zaletuen harrera oso ona izan zuen, eta taldearen bihurgunetzat jo daiteke. Diskoaren promozioan taldeak Euskal Herrian kontzertuen eskaintzaren emendatzea ezagutu zuen (3), eta 1994ko maiatzean Burlatan antolatu zen "Nafarroa Intsumitua" jaialdian Negu Gorriak eta Soziedad Alkoholika taldeekin konpartitu zuen eszenatokia. Baina taldea ez zen hortan mugatu eta Europako lehen bira bat antolatu zuen 1995ean: Estatu Frantsesa, Bretainia, Suitza eta Herbehereak. Herrialde Katalanetan ere bat baino gehiagotan aritu zen Beltzez, Inadaptats edota Subterranean Kidseko taldeetako partaideekin harremanak sortuz. Eta taldearen ibilbidean hori azpimarratzekoa da, Skunk taldearekin batera esate baterako, Ipar Euskal Herritik kanpo ainitz jo zuen taldea izan zelako, harrotasunik gabe, baina bai zorrozki.
Uholdeari eutsiz, taldeak 1997an bere bigarren diskoa kaleratu zuen: Bazterretan zer dago? (R-Dizka). Aldi honetan, heldutasunaren keinu, taldeak hamaika kantu grabatu zituen Berrizko Lorentzo Records estudioetan, Josu Monje soinu teknikariaren laguntzarekin. Musikaren edota hitzen aldetik, Beltzezek bere bideari eusten badio ere ("Bazterretan zer dago?", "Faxismoari uko","Itoiz 96/VI/23" edota "Dantzari beltza"), bigarren disko honek taldeak bere doinuen menperatze ahalmen handiago bat zeukala frogatzen zuen, soinuan egindako lanak indar eta gordintasun handiagoa ematen zielarik.
Bigarren diskoarekin taldeak bere Europako bigarren itzulia antolatu zuen (Italia, Suitza, Frantses Estatua), baita Euskal Herrian hainbeste kontzertu eskaini ere, baina maiz rockaren historian gertatu den bezala, goian zegoelarik taldeak bere ibilbideari amaiera eman zion 1998. urtean.
Taldeak ukan duen garrantziaz ohartzeko Elena Lopez Agirrek Historia del rock vasco: edozein herriko jaixetan liburuan dioena aipatzea besterik ez dago: "Los fulgurantes Beltzez nacieron en 1989 en Donibane Lohitzune, con el liderazgo de Joseba Manterola, al que escoltaron siempre extraordinarios guitarristas, como Pantxoa Angevin, que había militado en KGB y protagonizó una gran campaña de solidaridad al ser detenido después de arrojar un coctel molotov contra la casa de un policía. El primer disco de Beltzez salio en el año 1994 con R-Dizka, activa discográfica de la época que volvió a contar con ellos en Inguma (95), K7 compartida con Kapten Egurrak y Haurtzarrak (antiguos Uharteko Punka), otras dos formaciones ineludibles del fértil periodo de finales de siglo. Bazterretan zer dago? (97) revalidó la potencia de este grupo muy cercano a las tesis de Iparretarrak (IK)... ... Cuando Beltzez desapareció, Manterola y Angevin se unieron en 2002 al guitarrista Txomin Etchevers (Izan, Zein Ere), otro histórico del rock en Iparralde, y crearon Zipotzero."
Taldea 2008an elkartu zen berriro, pare bat kontzertu eskaintzeko. Laurent Lobbrecht baxu jotzaileak Xabi Gilen lekua hartu zuen itzulera horretan.
Gaur egun, Ogittuk eta Iñaki Ospitalek If Renaud Was a Punk taldean jotzen dute, eta Joseba Manterola Don't Save the Queen taldeko baxu jotzailea da.
Testua: Antton Basurko
R-Dizka, 1994 (CD)
R-Dizka, 1997 (CD)
- Hemendik (Hitzak eta musika: Beltzez); Dur d'oreilles (Amanita Records, 1990)