Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > kashbad
kashbad > biografia
Kutsu arabiarreko izena duen talde hau 1991n sortu zuten, Errenterian (Gipuzkoa). Hardcoretik abiatuta, intentsitate eta melodia handiko kantuak idatzi zituzten, baina, horrez gain, abeslaria Sorkun Rubio izateak asko lagundu zien. Zer esanik ez, Euskal Herriko rockean sexuen arteko berdintasunaren aldeko bidea zabaldu zuten, askorentzat eredu bihurtuz. Taldeak hiru disko grabatu zituen eta 2001. urtean desegin zen, baina 2007an berriz elkartu zen hiru kontzertu emateko. 2014ko urtarrilean kanta berriak sortzen ari zela iragarri zuen taldeak. Disko berria, Arrakala, apirilaren 30ean argitaratuko dute.

1991n hasi ziren Gorka Sesma (gitarra), Igor Elizondo Txus (baxua), Haritz Beristain Txiki (bateria) eta Iban Jimenez (gitarra) Errenteriako lokal batean instrumentuak jotzen ikasten. Abeslari batzuk probatu zituzten, baina ez zuten benetan aurrera egin bi urteren ostean Sorkun Rubio taldera batu arte. Hardcorea egiten zuten, azkarra, eta abeslariaren ahots tinbreak leundu eta goxotu egin zuen emaitza. 1995ean EMTEk (Errenteriako Musika Taldeen Elkartea) kaleratutako bilduman kantu bat sartu zuten; eta handik hilabete gutxira maketa grabatu zuten. Radio Terror taldean aritutako Mikel Gonzalez eta Jon Miner arduratu ziren soinua hartzeaz Errenteriako Soinu Tailerrean. Kasetean zortzi kantu propio batu zituzten, eta salgai jarri. Zabaldutako 600 aleak berehala saldu ziren, eta oso harrera ona izan zen.

Euskal Herrian Jingo de Lunch, Bad Brains eta halako taldeak hain ezagunak ez baziren ere, doinu gogorrei neska ahotsa gehitzeak erraztu egin zuen onespen zabala jasotzea. Nonahi jotzen hasi ziren, eta Esan Ozenki diskoetxea haiekin harremanetan jarri zen. Horren ondorioz, Negu Gorriak, Banda Bassotti, Radio Bemba eta beste talde batzuekin egin zituzten emanaldiak. Are gehiago: Egin Txotx lehiaketako finalera heldu ziren 1996an.

Kashbäd (Esan Ozenki, 1996) Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin grabatu zuten, Azkarateko Katarain estudioan. Ordurako Gorka Lazkano (baxua) batu zitzaien taldera, eta Txus ordezkatu. Hamabost kantu grabatu zituzten, horietatik bost maketatik berreskuratuta. Hardcorea batez ere, eta reggae apur bat: "Hegaz" kantua izan zen ospetsuenetako bat. Manolo Gilek lagundu zien diseinu grafikoan, eta diskoaren haria lurra eta askatasuna ziren. Dagoeneko, Kashbad gelditu ezin zen makina zen, eta bidean ikasi behar izan zuten, beraiek gerora aitortu egin zuten moduan: "Hasieran ez genituen zuzenekoetarako tabla nahikorik, eta kontzertu handiak eman behar izan genituen. Behin baino gehiagotan pentsatu genuen maketa azkarregi grabatu genuela" (1).

Hurrengo urtean, 1997an, Iban Jimenezek taldea utzi zuen, eta, atsedenaldi baten ondoren, laukote gisa jarraitu zuten, gitarra bakarrarekin. Distantzia bigarren diskoa ere (Esan Ozenki, 1997) Kaki Arkarazorekin grabatu zuten. Izenburuarekin irudikatu nahi izan zuten hirietan denok fisikoki gertuago baina benetan banatuago gaudela. Hardcore azkarra apur bat alboratu, eta, rocka oinarri hartuta, bestelako erritmoak lantzen hasi ziren. Hala ere, reggaeren bat ere aurki daiteke bertan, eta, PI.L.T. taldeko Rafa Rueda eta Xanperen laguntzarekin, "Lau hatz" kantua idatzi zuten, Saharako hassania dialektoan. 11 kantuez gain, diskoak bost pieza instrumental gordetzen ditu ezkutuan. Bitxikeria gisa eta musika ikuspegia zabaltzen ari ziren seinale, zuzenean Pixies taldearen "Isla de encanta" jotzen hasi ziren. Euskal Herri osoan ez ezik, Bretainian eta Italian ere kontzertuak eman zituen taldeak.

1999ko martxoan, hirugarren diskoa izango zenaren kantuak idazten hasi zirenean, Gorka Lazkano atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Taldekideak zer egin ez zekitela gelditu ziren, baina, azkenean, aurrera egitea pentsatu zuten. Eta Karlos Osinaga (Lisabö) batu zitzaien behin-behineko ordezkapena egiteko. Behin abestiak prestatuta, ordura arte besteak beste PI.L.T. eta Zea Mays taldeekin lan asko egindako Jose Lastraren Tio Pete estudiora jo zuten. Hesiak (Esan Ozenki, 1999) izan zen emaitza, eta ordura arteko abiadura eta amorruari buelta eman zioten: kantu pop (post)rockeroagoak idatzi zituzten, intentsitatearekin gehiago jokatuz; eta lanak kutsu triste eta pentsakorragoa dauka, seguruenik, Gorkaren hutsuneak eraginda. Hala ere, diskoaren aurkezpen kontzertuetarako askatu egin zuten taldekidea, eta luze gabe berreskuratu egin zuen bere lekua taldean. Hala, ohiko kideekin, Gasteizko Gaztetxearen aldeko Gaztetxeak martxan!! bildumarako "Zuen eskaparateetan" kantu berria grabatu zuten, taldeak desegin aurretik utzi zuen azkeneko alea.

Epe laburrera taldeak agur esan zuen, eta taldekideek hainbat proiekturi eutsi zieten: Sorkunek, Fermin Muguruza laguntzeaz gain, bakarkako hiru disko kaleratu ditu, Onna (Metak, 2002), Duna (Metak, 2005) eta Sorkun & Vice Presidentes (Pias, 2008); Txiki Peiremans+ eta Lau Itzal taldeetan ibili da; eta Gorka Sesma, Lau Itzal-en aritu ostean, gaur egun The Hot Dogs! taldeko soinu teknikaria da. Gorka Lazkano berriz, Trumbo taldeko kidea izan zen.

Dena den, 2007ko udazkenean hiru kontzertu egiteko elkartu ziren lau taldekideak: Bilboko Kafe Antzokian, Errenteriako Zumardian eta Gasteizko Gaztetxean. Ondoren, 2013an, Aitzol Gogortza preso errenteriarraren aldeko disko baterako "Okila" kantua sortu zuten, eta horrek abesti berriak egiteko gogoa piztu zuen taldekideengan. 2014ko urtarrilean taldeak Facebook bidez iragarri zuen kanta berriak prestatzen ari zela. 

Taldearen laugarren diskoa, Arrakala izenekoa, apirilaren 30ean argitaratuko du Bonberenea Ekintzak zigiluak.

Testua: Iker Barandiaran

kashbad > hemeroteka

>>Kashbäd

Esan Ozenki, 1996 (CD)

>>Distantzia

Esan Ozenki, 1997 (CD)

>>Hesiak

Esan Ozenki, 1999 (CD)

Askoren artean

- Zuen eskaparateetan (Hitzak eta musika: Kashbad); Gaztetxeak martxan!! (Gasteizko gaztetxea, 2001)

- Okila (Hitzak eta musika: Kashbad); Ihes puntua. Aitzol Gogortza preso lagunari musika, gutuna, bertsoak (2013)