Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > oskorri> hemeroteka
oskorri > hemeroteka

Oskorri, kantari talde berria. Anaitasuna, 212. zenbakia. (Elkarrizketak) (1971-05-30)

«Oskorri»: kantari talde berria

Orain hilabete bat dela, «Oskorri» deritzon talde berri batek bere burua agertu zeukun Deustuko Unibertsitatean. Taldea osotzen zutenak hauxek ziren: Itziar, Natxo, Imanol eta Juanma. Itziar eta Natxo lehendik ezagutzen genituen, baina beste biak ez; eta honez gero zinez* esan dezakegu, besteak bezain onak direla. Talde honetako guztiok, Itziarrek ezik (lehendik daki eta), euskara ikasi edo ikasten dute, beren buruak zin zinez euskalgintzan murgilduta daduzkatela nabariro* erakusten daukutelarik.

Berauen presentazioan elkarrekin egon ginen, eta ondorengo galderok egin genizkien.

- Nola sortu da «Oskorri»? (Itziarrek erantzun)

- Talde bat eratzeko asmoa aspaldian genian. Natxo eta biok ihazdanik* ari gintuan elkarrekin kantatzen, eta gerotxoago Juanma eta Imanol etorri zitziaizkiguan. Guk geuk oraino jende gehiago etortzea nahi genikek, gure ideia ez baita*, kantatu besterik egingo ez dukeen talde bat lortzea, baizik eta musikazko teatro talde gisako bat eratzea.

- Guti gora behera, ezaguna ziaigun Natxoren jokabidea. Oraingo talde oso hau ere bide beretik segituko da?

- Bai, baietz uste diagu behintzat. Gainera, elkarrekin ari bagara, horrexegatik besterik ez duk: alegia*, helburu berbera dugulako. «Oskorri»k, kultur talde bat den aldetik, gure Euskal Herriaren egiazko problemak adierazi nahi ditik; eta, talde bezala jokaturik eta jendearekin harreman zintzo eta zuzenetan ari izanaz, errealitatetik ahalik eta gutien aldenduko garela uste diagu.

- Zuen kantetarik batzuk herri xehearentzat agian* gaitz eta zail xamar direla uste dinagu. Egia esateko, zer moduzko jendeen gana heldu nahi duzue?

- Gure kantak jende guztiek adi ditzaten nahi genikek: beraz*, errazak izan daitezen. Gure nahia, injustizia ondoenik sentitzen dutenei kantatzea duk; hik aipatzen duan zailtasun eta eragozpen hori egiaz balego, segitu nahi dugun bidera bihurtuko gintuzke berriro.

- Zer da zuentzat euskaraz kantatzea? Euskaraz kantatzea bera nahiko zaitzue? Hau da: hitzak euskaraz egonez gero, zentzugabeko gaiak ere kantatuko zenituzkete?

Gurekiko*, euskaraz kantatzea, Euskal Herriak bere kultura propioari iraupen eta jarraipen bat emateko duen premiari egiten diogun erantzuna besterik ez duk. Gai hutsak kantatuaz, ez genikek euskal gizona lagunduko, oraingo gizarte honek jarri dizkion oztopo injustiziazkoak gainditzera; eta, honela, ez diagu uste, jokabide zintzo bat litzatekeenik, gure aldetik funtsik* gabeko kantak egitea, berauk euskaraz eginda egon arren.

- Guztiok diakinagu, euskal musika, kreatze gabeko sasoi luze batetatik pasatua dela. Oraingoan ere euskal kantari asko errentetatik bizi ditun, lehengo aire zaharrak behin eta berriro kantatuaz, bat ere berririk ekarri gabe. Nolako lana da, «Oskorri»k Euskal Herriari eskaini nahi diona?

- Memento honetan kantategi herrikoiak estudiatzen ari gaituk, honela, euskal kanta jatorraren trajektoria sakonki ezagutu eta gero, egiazko euskal kanta moderno bat krea dezagun, kanta zaharretan itota gelditu gabe. Hala ere, gure melodia batzuk Azkueren kantategitik atera dituk; baina oraingo modura moldatu ditiagu pixka bat, puntu berriak gehituaz eta oraingo instrumentuekin jotzeko saioak eginaz.

- Zer diozue kantariari zor zaion diru ordainaz?

- Gehienetan euskal kantaldiak, ikastola eta honelako gauzetarako diru laguntasunak biltzeko antolatzen dituk; beraz*, oso gutitan pagatzen ziaiok zerbait kantariari (gure kasua, behintzat, hauxe duk). Duda gabeko gauza duk, ordea*, kantariak halako premia batzuk dituela, gero eta aurrerago joango bada, hala nola liburuak, instrumentuak, ikastaldiak, eta abar. Hau gertatu arren, kantariak ez likek ukatu behar jaialdi hauetara joatea; baina, bide batez, gauza ona lukek, jaialdi berauen eratzaileek ere kantarien premiak ere kontuan hartzea.

- Zenbait euskal kantariri buruz kritika asko entzuten ditun, batzuk dirua dela eta, beste batzuk gai eta beste gauzez ere. Zer deritzozue zuek guzti honi?

- Kanten mamiaz den bezainbatean*, ba dituk kantari batzuk, batere sakonak ez direnak, batzuetan kezka askorik ez dutelako, eta beste batzuetan kantari komertzialak direlako. Euskal kanten komertzializazio hau herriaren premien kontra doala uste diagu. Ba dituk beste batzuk, beren lana serioskiago planteatzen duten arren, agian* Herriaren ulermenetik urrun geldi* daitezkeenak, bai beren formen gatik edo bai mamiagatik ere. Baina, jakina, berau kantari guztien gainetik dagokeen* arrisku jeneral bat dukek; eta, beronetatik ihes egiteko, ezin beharrezkoagoa diagu jendearekin harremanetan ibiltzea.

Andolin Eguzkitza
oskorri > diskografia

>>Aita-semeak-Gosetea

CBS, 1975 (SG)

>>Egia da-Anaitasuna

CBS, 1976 (SG)

>>Oskorri

Xoxoa, 1979 (LP)

>>Plazarik plaza

Xoxoa, 1980 (LP)

>>Eta Oskorri sortu zen

Xoxoa, 1981 (LP)

>>Adio Kattalina

Elkar, 1982 (LP)

>>Alemanian euskaraz

Elkar, 1984 (LP)

>>Hau hermosurie!

Elkar, 1984 (LP)

>>In fraganti

Elkar, 1986 (LP)

>>Datorrena datorrela

Elkar, 1989 (LP)

>>Oskorri, ehun ta hamaikatxo kantu

Elkar, 1990 (Liburua)

>>Hi ere dantzari

Elkar, 1991 (LP)

>>Badok hamahiru

Elkar, 1992 (LP)

>>Katuen testamentua

Elkar, 1993 (LP)

>>Landalan

Elkar, 1995 (CD)

>>25 kantu urte

Elkar, 1996 (CD)

>>Marijane kanta zan!

Elkar, 1997 (CD)

>>Iparragirre bueltan etxera

Elkar, 1999 (CD)

>>Ura

Elkar, 2000 (CD)

>>Vizcayatik... Bizkaiara

Elkar, 2001 (CD)

>>Ekidazu

Elkar, 2003 (CD)

>>Desertore

Elkar, 2003 (CD)

>>Banda Band

Elkar, 2007 (CD)

>>Dantza kontra dantza

Elkar, 2011 (CD-DVD)

Askoren artean

- Lantzeko ihauteria (Herrikoia, Oskorri); Bai euskarari (Euskaltzaindia, 1978)

-  Glu, glu, glu (Hitzak eta musika: Jose Maria Iparragirre); Iparragirre. Zure oroiz (Xoxoa, 1981)