Uhinez uhin. Argia, 1.571. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1996-03-31)
Udaberriko lorea
Udaberriko eguzki eta loreekin batera argia ikusi du Maixa eta Ixiar trikitilarien lehen lan luzeak. Zortzi urtetako historia dute, bikote bezala hasieran, baxuaren sarrerarekin hirukote bihurtu ziren, eta azkenik, bateria erantsita laukote moduan finkatu dute taldea.
Hamalau kantu barneratu dituzte lan honetan. Iturri desberdinetatik edan dute eta hori guztia islatzen da doinuetan, denetarik aurki dezakegu, betiko trikitixa, texmex edo mexikar eragineko kantuak, rocka, abesti herrikoiak... Abestiak egiteko garaian laguntza handia izan dute, bai konposatzerakoan baita hitzak idazteko garaian ere. Jorge Gonzalez, Jexuxmari Lopetegi, Mikel Garikoitz, Xanet Arozena eta Fernando Capelloren laguntza izan dute musika osatzerakoan, eta Maider Osa, Maialen Lujanbio, Jexuxmari Lopetegi eta Jexuxmari Mendizabalenak dira kantuen hitzak. Hitz hauek, besteak beste, amodioaz, sorginen kontuez, parrandez, zezenen gainean eta txokolatearekiko afizioaz mintzo dira.
Aipatzekoa da Maixa eta Ixiarrek nola landu dituzten ahotsak, melodiaz beterikoak, garbiak eta sentsualak, pertsonalitate bereziaz landutakoak ditugu.
Abesti guztiek kalitate lerro bat mantentzen duten arren, ezin aipatu gabe utzi "Zezenak", "Flamdanko", "Hauts majikoak" edo "Kezkati", azken hau benetan ederra.
Juan Carlos Perezek eginiko produkzioa nabarmentzekoa da bestalde, trikitixa munduan egindako lanagatik ezaguna ez den arren, oso ondo bete baitu papera.
Nahiz eta beste musika batzuei keinu egin, Uhinez uhin trikitixa disko bikaina da. Taldea erromeri eta kontzertuetan zuzenean jarraitu duen orok gustura entzungo du, ziur baietz!
Elkar, 1993 (LP)
Elkar, 1996 (CD)
Elkar, 1997 (CD)
Elkar, 1998 (CD)
- Ikusi nuanian (Hitzak eta musika: Maixa Lizarribar, Ixiar Oreja); AHTren aurkako musika (Esan Ozenki, 1996)