Oroitzapenak oparitzen ditut. Argia, 1.496. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1994-09-18)
Zaratatsua izan dut uda, doinu gogorren atzetik abiatu naiz ia gauero, baina etxera heldutakoan, ohetik jaikitakoan, goxo goxo entzun izan ditut, errenteriar gaztearen doinuak. Eta ezberdintasun ugari aurkitu izan ditut bere lehenengo diskotik, helduago sumatu dut Mikel Markez. Lehenengo diskoak sekulako arrakasta izan zuen, horretan ez dago dudarik. Ez dakit honek arrakasta komertzialik izango duenentz, baina musikalki behintzat oso ona iruditu zait, landua, asko pentsatua, neurtua, gogoz egindakoa.
Gaztea da Mikel Markez, eta beraz beste gazte askoren moduan berritasuna aurkitu nahi du bere jardueran. Asmatuko al zuen? Ni horretan naiz, fresko sartzen zaizkidalako bere hitz eta doinuak, ez direlako zuzenak, pentsarazi egiten didaten hitzen esanahiak, burua mugiarazi egiten dit musikak, eta azkenean bai, azkenean altxatu eta osoan mugitu beharra izaten dut, eta beste behin ere lortu duela pentsatzen dut.
Nekatua egoten naiz horrelako egunetan, eta lasai egoteko ez dut ezer hoberik aurkitzen etxean, telebistak aspertu egiten nau, irrati ezberdinetako uda programazioak ez ditut atsegin, eta aurreko gauean entzundakoak ez ditut egunez berriro entzun nahi, horregatik gustatu zait azkenean oroitzapenak oparitzen dituen lan hau.
Baina etzazuela pentsa, horrelakoetarako bakarrik balio duenik disko honek, ez horixe! Mikel Markezek badaki zer egiten duen, berdin egunez zein gauez martxa jartzen aditua da, zuzenean ikusita diskoan baino atseginagoa da oraindik, eta nahiz eta batzuei gehiegizkoa dela iruditu, gustura asko entzungo nukeen berriz ere gau ilun batean nire herriko gaztetxean.
Elkar, 1992 (LP)
>>Oroitzapenak oparitzen ditut
Elkar, 1994 (CD)
Elkar, 1995 (CD)
IZ, 1997 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 1999 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 1999 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 2004 (CD)
Elkar, 2008 (CD)
Elkar, 2011 (CD)
- Egizu lo (Hitzak eta doinua: Mikel Markez); Hamahiru (t)alde (IZ, 1997)
- Mendi-gaña (Hitzak: Lizardi-Doinua: Mikel Markez); Olatu berria. Kilometroak '04 Zarautz, Orio (Ikastolen Elkartea, 2004)