Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > anari> hemeroteka
anari > hemeroteka

Anari. Argia, 1.631. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1997-06-29)

Esan Ozenki disketxeak 1997ko diskorik interesgarrienetakoa kaleratu digu udarekin batera, disketxearen ohiko soinu azkar eta gogorrak alde batera utziaz.

Ez da disko erraza, ez baikaude ohituta Anarik proposatzen dizkigun soinuetara. Dudarik gabe, diskoa entzuteko beharrezkoa da une egoki bat, lasaia, eta ez goizaldean herriko jaien zaratapekoa.

Disko intimo bat burutu du azkoitiarrak, bera da protagonista ia kantu guztietan, bere beldurrak, kezkak, galderak... bere ahotsean. Testu guztiak idatzi ditu, "Minaren funtsa" izan ezik, eta iturritzat Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika... eta besteren lanak izan ditu kontuan.

Bi zatitan banaturik dago diskoa: batean Anari talde baten laguntzaz agertzen den kantuak biltzen dira ("Gure mundua", "Galderak" eta beste) eta Mikel Abrego eta Xabi Strubellen parte hartzea funtsezkoa antzematen da. Bestean, berriz, Anariren beste alde bat ikus daiteke, bakarrik bere gitarrarekin. "Tren bat zure barrura" edo "Desnúdame, desdúdame" kantuen sinpletasunak benetan erakartzen du, bere ahotsa eta gitarrarekin soilik abesti ederrak sortzeko duen gaitasuna. 

Ez da kolaborazio ugariko lana, baina bai bakoitza behar den momentura egokitua. Eneko (Bap!) "Galderak 2" kantuan bere ahotsa sartzen duen bitartean, Mikel Azpirozek teklekin laguntzen dio abesti batzuetan, "Gure mundua"-n kasu. Estibalitz Oraáren txeloak ere bere garrantzia du diskoan, eta Kaki Arkarazoren eskuak.

Bi doinu azpimarratzekotan, "Galderak 2" eta "Desnúdame, desdúdame", diskoaren erpin gustagarrienak. Oso disko intimista beraz, sinplea eta arreglo handirik gabea; hala ere, bere sinplean konplexua eta aberatsa.

Koldo Otamendi
anari > diskografia

>>Anari

Esan Ozenki, 1997 (CD)

>>Habiak

Esan Ozenki, 2000 (CD)

>>Anari ta Petti

Metak-Pil Pil Sessions, 2003 (CD)

>>Zebra

Metak, 2005 (CD)

>>Irla izan

Bidehuts, 2009 (CD)

>>Bidea eta denbora

Bidehuts, 2013 (CD)

Askoren artean

- Postariarena (Hitzak: Jon Maia-Musika: Anari); Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997)

- Ilargia barruan (Hitzak eta musika: Anari); Bonberenea: Oztopo guztien gainetik (Bonberenea, 2002)

- Muga kanta (Hitzak eta musika: Anari); Acuarela Songs 3 (Acuarela, 2004)

- Habiak (zuzenean) (Hitzak eta musika: Anari); The Rockdelux Experience 23.11.2004 (Sinedin, 2005)

- Antzinako bihotz (Hitzak: Bernardo Atxaga-Musika: Mikel Laboa); Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak (Bidehuts, 2010)

- Gitarra bat (Hitzak eta musika: Imanol Urbieta); Imanol Urbieta, bakarrik eta libre (Zarauzko Udala-Elkar, 2013)