Zuloa. Argia, 1.185. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1987-02-07)
Jantzi beltza
Estudioko mahaiaren aurrean, gehienbat, duela kasik bost urte buruturiko lehen LP hartatik, oraintsu M-ak taldeak kaleratu duen Zuloa izeneko hirugarren diskora tarte handi samarra dago. Hiri galduaren bila, basamortuan zehar doan esploradorearen antzera, bakardadean (bidexidor horietatik ez bait da beste inor ausartu) burutu du bere ibilbidea. Apurka, apurka, M-ak taldea -neurri batetan egungo musikaren olatuaren gailurraren berri duelako- belztuz joan zaigu. Mundu osoan, rock, pop, soul edo funky musika moetetan nagusitzen ari diren musikari beltzen aurrean ezin daiteke geldirik gera. Hortik, denak ari dira beltzen moduak eta ideiak "kopiatzen" edo behintzat saiatzen dira. M-ak taldearen kasuan, eta oraingo LPan nabariago, beltzek sortutako musika eta erritmoak bereganatzeko saio bat dago, baina askoz gehiago ere bai. Zenbait ahots-joko, erritmo eta moldaketak ("Egunero zortzi ordu", "Aukera nazazu" edo "Urteurrena"kantuetan ikus daitekeen bezala) kolore beltzezko azala dute baina beltz kolorea jantzietan da nabarmenagoa azalean baino.
Jantzi beltzak aipatzerakoan, 80ko hamarkadako belaunaldiaren jazkerari buruz azken urteotan barreiatutako kolorerik gabeko estetika-filosofiari buruz ari naiz. Beste belztasun moeta horretan kokatu behar dira gitarra garratzak, erritmo laburrak, testu ironiko, eskeptiko edo mingotsak. Esater baterako, amodioa ("Negoziaketaren beharra", "Aukera nazazu"), egunerokotasun zentzugabea ("Egunero zortzi ordu"), sinismenak, politika (erreintserzioaren kontrako "Sugearen tentaldi berria", "Milenioa", "Kantu borobila")... Ikuspuntu ilun horretatik heldurik daude. Aurreko diskotik (Emeak eta arrak) kantuak laburtu dira, arintasun eta kontundentzian irabaziz (begibistan dago Irazoki anaien sartzea). Aurrekoaren monotonia apurtu da, produkzio on eta efikaz bati esker (haizea sartzean beldurti agertu arren), osotasuna galdu gabe, talde doinua lortu dute. Ideia musikalak kasu guztietan "distiratsuak" ez diren arren, musikarien fintasuna agerian gelditzen da diskoan zehar. Xabier Montoiaren ahotsa, gehienetan sentsazio espresabide baliotsua baldin bada ere, batzutan mugatua dakusat, musikaren beharretara egokitasunez moldatu ezinik. Zulo iluna, M-ak taldeak sorturikoa, beltzaren estetikarekin eginda, euskal musikan beste kolore bat jarriz. Azken batean, belarri konformistentzat (eta Euskal Herrian asko dira) ez den disko bat.
IZ, 1982 (LP)
Nuevos Medios, 1986 (LP)
IZ, 1987 (LP)
IZ, 1989 (LP)
IZ, 1990 (LP)
- Zaude lasai (Hitzak: JosAnton Artze-Musika: Mikel Laboa); Txerokee: Mikel Laboaren kantak (IZ-Seaska-Elkar, 1990)