Sorotan Bele. Euskaldunon Egunkaria. (Disko iruzkinak) (1993-04-18)
Azkenean badirudi euskal folk-rockaz hitz egin ahal izango dugula, Euskal Herriak arlo honetan bizi izan duen urte luzetako loaldiaren ondoren (nork gogoratzen ditu Izukaitz edo Haizearen azken lan nahiko esperimentalak?). Berriro daukagu etiketa honekin definitu dezakegun lan bat dastatzeko aukera. Ez ditugu ordukoak eta gaurkoak parekatu nahi. Nabariak dira ezberdintasunak, baina nabariak parekotasunak ere, batipat kanpoan musika herrikoian nagusiak diren formulak bereganatzeari dagokionez (Pentagle edo Fairport Convention orduan, Celtas Cortos edo Oyster Band, Sorotan Beleren kasuan).
Erreferentzia hauek ez dute Sorotan Bele taldearen lehen lan luze honen balioa gutxitzen, nahi edo nahi ez. Musika herrikoiak ez diola bere erreferente etnikoetan mugatzen diren konpartimentu itxiak, beste kultura ezberdinekin elkar trukaketan ari diren gorputz biziak baizik birbaieztatzen duen adibidea. Irizpide honen arabera ulertu behar Hondarribiko taldeak proposatzen digun nahasketa freskoa, euskal musika eta zeltiar jatorrizkoa, trikitixa eta wistelak, baladak eta dantzatzeko doinu arinak, txalaparta eta gitarra elektrikoak.
Gaztetasuna da talde honen baliorik nagusiena. Ez baita ziur aski eskainiko diguten ez lanik onena ez helduena. Baina ezin opari hobeagoarekin hasi bere bidea euskal musikaren alorrean. Aspaldian euskal talde bati atzeman ez dizkiogun freskotasuna, indar eta ausardia agertu baititu bele gazte honek. Dudarik ez, hau izango da 1993 honetan gehien aipatuko dugun lanetako bat. Kutsu adoleszentea duela? Eta zer? Hori ez da txarra, igaro beharreko gaitza baizik. Eta kasu honetan lan biribila lortu dute Sorotan Belekoek.Elkar, 1993 (LP)
Elkar, 1994 (LP)
Hirusta, 1996 (CD)
>>Victoria Eugenia antzokian, zuzenean
Larrazabal, 1996 (VHS)