Mundu hegian. Euskaldunon Egunkaria. (Disko iruzkinak) (1994-12-11)
Hegaldi luzeak hondarribitar hauentzat lehen lanaren arrakasta izugarria dela medio. Bat-batean egin zuten salto maketatik kontzertu handi arrakastsuetara; beren gaztetasunak eta freskotasunak merezitako saria izaki. Inork baino gehiago saldu dute, inork baino gehiago jo dute eta guztien ahotan egon dira azken hilabeteetan, mesede ala kalte ez gara gu epaitzeko gai. Kontua da presio handia dela neurri batean hain arrakasta handia talde gazte batentzat. Are gehiago lehen lan luzearekin eskuratzen bada, gero eutsi egin behar baitzaio bigarren batekin. Eta hori apustu handia da; poliki eta ondo pentsatuz egin beharreko apustua.
Mundu hegian du izena bigarren lan honek eta ezin esan erabat lan biribila denik. Lehenengoaren jarraipena bada, neurri batean, baina baita beste zeozer berriaren bilakaera. Edo hori sumatzen zaio, taldearen eboluzio osasungarriaren seinale. Badira bideak, badira apunteak, badira ideiak baina ez dira erabat gauzatzen, eta lana orokorrean disperso xamarra gera daiteke, nahiz eta ezin esan, ezta gutxiagorik ere, lana eskasa denik.
Mundu hegian hau lan duina da eta baita zintzoa ere. Azken finean Sorotan Belek ez du inor defraudatuko baina eskertzekoa litzateke ausardia handiagoz jokatuko balu. "Jeckill doktorea" eta "Aterki berdea" kantuak izan daitezke honen adibide. Nabari da berritasun gogoa eta gogo honetan ikus daiteke giltza. Ez zen apustu makala bigarren lan luzearena eta onik atera dira. Eta ez da gutxi. Gehiago egin dezakete.Elkar, 1993 (LP)
Elkar, 1994 (LP)
Hirusta, 1996 (CD)
>>Victoria Eugenia antzokian, zuzenean
Larrazabal, 1996 (VHS)