Gerra zikina. Argia. (Disko iruzkinak) (1996-03-10)
Etsaiak 1987. urtean jaio zen Lekeition. Lehen grabaketa 1990ean egin zuen, Amen izeneko maketa. Lehen iraupen luzeko lanak 1992. urtera garamatza, Etsaien etsaiak izenpean Esan Ozenkik argitaratua. Taldearen ospea, piskanaka, zabaltzen hasten da, batipat Euskal Herriko gaztetxeetan egindako kontzertuen bitartez. 1994an taldearen boom-a suposatu zuen Presoa S.O.S. argitaratzen da. Eta azkenik, iaz, Gerra zikina, orain arteko borobilena.
Etsaiak taldeak jasandako garapena garbia da, asko ikasi dute musika mundu honetan eta ura bezain garbi ikus daiteke Gerra zikina disko osoan zehar. Partaide berrien sarrerak freskotasuna, haize eta eragin berriak ekarri dizkio taldeari, denboraren poderioz gero eta indar gehiago hartu dute gitarrek eta betiko heavy influentzia hori nabariagoa da. Horren adibide nagusienak, "Etsaiak", "Zuzen" eta "Zaindari ustelak" kantuak.
Era berean, eta orain arteko hiru diskoetan egin duten moduan, erdarazko bi abesti jaso dituzte lan honetan, "Vómito, miseria y vida" punk himno bat eta "Estrella", orain dela zortzi urte eginiko letra batekin.
Kolaborazioei dagokionez, garrantzia handikoa da Iratxe Ezkiagaren emakumezko ahotsa, abestiei pertsonalitate berezia emanez. Mikel Laboak ere ahotsa jartzen dio "Txoria txori" abestiari, Fermin Muguruzak bi abestitan parte hartzen du, "Gerra zikina" eta "Txoria txori" kantuetan eta Nortonek (EH Sukarra) pianoa eta koroak sartu ditu beste bi abestitan.
Disko berritzailea da, zuzena eta indartsua. Bikaina benetan.
Esan Ozenki, 1992 (LP)
Autoekoizpena, 1993 (SG)
Esan Ozenki, 1994 (LP)
Esan Ozenki, 1995 (CD)
Esan Ozenki, 1996 (VHS)
Esan Ozenki, 1997 (CD)
Esan Ozenki, 1999 (CD)
Esan Ozenki, 2000 (CD)
Metak, 2001 (CD)
Metak, 2001 (VHS)
Oihuka, 2003 (CD)
Baga Biga, 2008 (CD)