Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > azala> hemeroteka
azala > hemeroteka

Zaldiko Maldiko. Argia, 1.166. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1987-09-27)

Marrutxipitik Zaldiko Maldikora

Oporren aurretik aterea izateagatik ez genuke ahaztuta utzi nahi Donostiako Azala taldeak Elkar disketxearekin plazaratu berri duen diska. Azala sortu zenetik argitaratu duten hirugarrena da Zaldiko Maldiko deitu duten hau, izen nafartarrari ohore eginez Xabi Oterok kolaje batekin ilustratu duena.

Argi eta garbi Azalaren musika folk sailean kokatu daitekeen arren, lan honetako pieza gehienak ez dira altxor herrikoitik hartuak -salbu eta hiru-, taldeko partaideek asmatuak baizik. Jon Bergaretxerena da bat eta Asierrenak gainerakoak. Instrumentuei dagokienez, euskal folkean estandar bihurtu direnak ageri dizkigute: akordeoia eta trikitixa, flauta, kriskitinak, gitarrak, dultzaina, adarra, xirula... Beste zenbait tresna berriz, kanpoko folkloreetatik hartuak dira, nahiz eta euskal taldeetan gero eta ugariago erabiliak diren, hala nola zitola eta bongoa.

Zitola aipatu dugunez, ezin utziko dugu nabarmendu gabe Azalak folk zeltarrarekiko duen zaletasuna. Batzuetan Bretainiako usainak heltzen zaizkigu beren zenbait piezatatik -Jon Bergaretxek sortutako "Bolerak" piezan bidenabar- eta bestetan Irlandan eta Britainia Handian ezagunak egin diren zenbait talderen oihartzunak dakarzkigute. Europako folk talde askok egin duen eboluzio antzeko bati segituz, Azalakoek ere errepertorio herrikoitik abiatu eta berek asmatutako folk estandarizatuago baterunzko bidaia egin dute. Alde horretatik, hasiera batean Azala osatu zuten partaideek hartutako bideak norbere aldera berezi eta argitu egin dira -Azala eta Txanbelaz ari gara noski-. Folk musika ulertzeko modu eta bide ezberdinak.

Txukun jotzen dute Azalakoek, eta oso disko entzungarria burutu dute. Oskorri soinua nabarmena egin den bezala, Azala soinu bat egiten ari dela esan daiteke. Zenbait pasartetan Azalako partaideek garai zaharretako giroa rekreatu edo birsortu nahi dutela iruditu zaigu, pittin bat Milladoiro talde galegokoek egin duten eboluzioaren ildotik edo. Milladoirokoek filme bati banda ipini diote. Agian norbait animatuko da Azalakoekin.

Artaso
azala > diskografia

>>Azala

IZ, 1983 (LP)

>>Marrutxipi

Elkar, 1985 (LP)

>>Zaldiko Maldiko

Elkar, 1987 (LP)

>>Marigaizto

Elkar, 1989 (LP)