Mendebaleko euskal kantuak II. Argia, 1.622. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1997-04-27)
Joseba Tapia, Ruper Ordorika eta Bixente Martinezek Mendebaleko euskal kantuak II izenpean Hiru Trukuren bigarren lana kaleratu dute, lehenengoaren modura Madrilgo Nuevos Medios disketxearekin. Aurreko diskoa osatzeko jasotako material ugaria baliatuz bete dute bigarren lan hau ere, beti ere mendebaldeko balada zaharren testigantza aberatsari leku eginez. Abesti guztiak bizkaieraz jantziak datoz, eta Lezama, Zamudio, Lekeitio eta Oñati aldean bildutakoak dira, besteak beste. Gehienak ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi pasatakoak, taldeak bere erara moldatu dituenak.
Hirukoteak ohiko instrumentuekin egin du lan: eskusoinua, mandolina, bouzoukia, gitarra akustikoak eta mususoinua baliatuz. Eta laguntzaile gisa luxuzko hiru kolaboratzaile hartu dituzte: Martin Carthy gitarra akustikoarekin eta Nancy Kerr eta Imogen Gunner, biolinarekin. Aurreko diskoaren ildotik osatu dituzte doinuak. Hitzek ere atzean geratu diren garaietara garamatzate, sehaska kantuak, mutil-emakumeen gaiak, umorearen bidetik atonduak denak, ahozko literaturaren perlak.
Badira disko honetan aurreko lanarekin alderatuta bestelako traza duten doinu zenbait, "Maritxu tabernerea" trikitixa kasu, edo "Juliana arrixandiko" kantua, Ruper Ordorikak a capella abesten duena. Gehientsuenak ordea, aurrekoaren hari beretik sortutakoak dira, melodia azkarrak batzuk ("Txikitin parian"), mantsoago doazenak besteak "Zazpi nobio").
Disko gustagarria oso, belarriak berotzen dituen horietakoa. Horretan du meriturik handiena Hiru Trukuk, balada zaharren inguruan kasik ahazturik genuen mundu bat berpizten jakin baitu, ezinbestekoa den berreskuratze lan hori publiko zabalarentzat erakargarria bihurtuz. Hirugarrenik ba ote?
Nuevos Medios, 1994 (CD)
>>Mendebaleko euskal kantuak II
Nuevos Medios, 1997 (CD)
Metak, 2004 (CD)