Xurrumurruak. Argia, 1.119. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1986-10-05)
Xurrumurru ausartak
Badarama bi urte martxan Oñati aldean sortutako talde gazte honek dagoeneko. Iaz, Tsunamin egin zuten maketa polit batez erabat sorpresaz harrapatu gintuzten. Teju bitxiak zerizkion zinta hura oraindik ere gustokoa dugu. Hasera batean Jon eta Imanolen barrabaskeria batzu besterik ez zirenak tinkotu eta Saz le boloren gaurko itxura hartu dute. Zuzenean ere ari zaizkigu gero eta ziurrago. Lehen Oñati aldean ezagunak ziren hauek gehiagora jo asmoz datozkigu plastiko eta guzti. Jauzi kualitatiboa deitu ohi dena eman dute eta bere modura, apal eta ixilka beste kolore tanta bat itsatsi diote gaurko euskal musikaren panoramari.
Diskoak modu eta aire berriak dakarzkigu. Arraroak batzutan, eranskorrak bestetan, argiak azaltzen zaizkigu bereziki gustokoak ditugun kanta zenbaitzutan. "Udako azken eulia", "Syncs" eta "Kajoi berezia" azpimarratzen ditugu, argi edota aztitasun horren lekuko. LPak bestalde baditu bere beherakadatxoak, aipatu kantek lortzen duten maila ez bait da LPan zehar mantentzen. Hor dago ordea Saz le boloren desapio ausarta, bere musikan gauzatzen dena alegia. Diferentea, definiezina, ezertarako ere ez pretentziosoa, gaur egungo dehiadar eta aienen pareko xurrumurrua.
IZ, 1986 (LP)