Egan. Argia. (Disko iruzkinak) (1988-12-04)
Elkar argitaletxearen eskutik eskaintzen digute Egan taldekoek beren laugarren diskoa, Yarrituren Xoxoa disketxearekin estreinatu ondoren. FM irratietako Cuarenta principales eta antzeko zerrenda manipulatuetako kantarik arrakastatsuenetako batzuk euskaratu eta luzatzen dizkigu gure plazetan dabiltzan talde berbeneroetan dekanoa den Eganek. Carpenters, Roger Daltrey, Elton John, Steal Weels, Pretenders, Chicago, Linda Rondstadt, Bob Marley eta Huey Lewis and the News-en kantak dira Xabier Saldiasek gehienetan eta pare batetan Gontzalo Pelaezek prestatutako hitzez hornitu direnak. Xabierrek bere kanta bat ere sartu du, "Kaxkarina" izenekoa, talde honek oraindik pilaka dituen jarraitzaileen arteko bihotz teenager bat baino gehiago ametsetan jarriko duena. Gitarra eta ahotsa ipintzen dituen Xabierren eta baxuan ari den Gontzaloren aldamenean, Imanol Aranburu ari da teklatuetan, Joxemari Pelaez gitarran eta Alberto Frantzesena baterian.
Euskaraz ia talde berbenero bakar batek ere kantatzen ez zuen garaietan, "Y viva España" pasodoble dotorea kontsideratzen den denboretan, parrandazale abertzaleon talde kuttunetako bat izan zen Egan honek giroak aldatu ahala bere lekua mantentzen jakin du, eta horretan segi nahiari lotuta ulertzen dut nik diskoan, diskoetan, eskaintzen den musika. Jakina, FMetako kantarik arrakastatsuenen itzulpena aditzerakoan beren ereduekin alderatzen ditugu automatikoki, eta produktu probintziano bezala gelditzen dira. Meritu posible bat aipatu dakioke honi: euskarazko musikarik bestela ipintzen ez duten irratietan lekua utziko zaiola beharbada honela. Esperientziak ez du, dena dela, hori abalatzen.
Hitzei dagokienez, berriz, letra hutsalak dira. Lehen kantan esplikatzen dutenez, Eganekoen helburua "festara etorri, alaitasuna jarri eta topera momentuak bizi" omen da, eta beren traiektoria ere argitzen dute: "Hasierako pretentsioak, handiak ziren ilusioak, oztopoak batetik, nagiak bestetik, hortik joan zaizkigu ofizioak". Duela hogei urteko "protesta" antzeko letraren bat, parranda, gimnasia ariketak, ezer egin gabe besteek eraikitzen dutena kritikatzen omen duen "gizon arloteari" egindako beste bat, "Bateginik" famatua, dantza, festa... eta bere duintasuna zaindu nahi omen duen neska kaxkariña. Enfin, karrera atera berria duten gazteek beren irrati-kasetean entzuteko behar bada milaka erosiko duten diskoa.
Edigsa / Herri Gogoa, 1972 (EP)
Xoxoa, 1985 (LP)
Xoxoa, 1986 (LP)
Xoxoa, 1987 (LP)
Elkar, 1988 (LP)
IZ, 1990 (LP)
Elkar, 1991 (LP)
IZ, 1991 (LP)
IZ, 1992 (LP)
IZ, 1993 (LP)
IZ, 1995 (CD)
IZ, 1996 (CD)
IZ, 1998 (CD)
- Zibilak esan naute (Hitzak eta musika: Jose Maria Iparragirre); Iparragirre. Zure oroiz (Xoxoa, 1981)