Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > errobi> hemeroteka
errobi > hemeroteka

Ametsaren bidea. Anaitasuna, 390. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1979-10-16)

Errobirena urrats erraldoia izan da, bere "Ametsaren bidea" laugarren LPean. Aldi hontan ahoberokeriarik gabe segurta daiteke ezen "euskal rockak", euskal mugimendu musikalaren oraingo historian talderen batek ekarri duen obrarik haundienarekin topo egin duela. Gustu eta ideiologiez landa, rocka izan daitekeen jeneroari buruz, eta beraren jatortasun zenbaitentzat dudagarriaz kanpo. Bai eta taldearen zenbait osokidek rockaz daukan kontzepziotik urrun ere, "rockari" gisa ezin identifika dakiekeela diotenean, Baina ez dut eztabaidarik ere sortuko zeintzu planteiamendu eduki behar dituen bereizkunde hauetako obra batek, rockaren definizioari fidelki erantzun ahal ukateko. Egunoroko praktikan ba dagoena harako jendea da, Errobi rockezko -hara, ez rock and rollezko!- talde eta jaien ondoan kokatzen duena, eta frogarik sendoena, nik uste, taldeak bere musikari ematen dion tratamendu formalean dago. Beste gauza bat da musika horren neurria. Iradokitzen eta mugierazten duen hatsa. Martxa, erroilua eta rock and rolla.

"Ametsaren bidea" aurrez aurre kokatzen da, Europako azken hamarkadako eskena musikalaren obra helduekin. Segurtatu eginen nuke, haren edukinaren azterketa doi batean, guzioi begiak irekierazten dizkigula, gaurgeroz "haur txikiak" ez garela ikusteko, melodien, erritmuen eta holako elixiren munduko -bai, munduko- panoraman eta, kalitatean funtsatutako gar honekin, gure merkatu musikalak kanpora begiratzen hasi behar duela.

Errobik bere musikari ematen dion aitzinamenduak Estatu espainolean bakarrik dauka parekorik, kataluniar mugimenduaren zenbait talde halakoa baita, La Compañía Eléctrica Dharma haien artean, kasu.

"Rock autoktono, autonomiko edo independentistaz, -ideiologi merkatua doakien arauera- mintzo direnak ene ustez, zedatzen duen etnian datxekion rock propioaz mintzatzearekin akort dira Errobiren kasuan, ñabardura sakon hori hizkuntzan ezezik bere obra iradokitzen duen erabateko doinuan aurkitzen dugu, obrari uste sendoa eta arta herrikoi haundia hornitzen diotela. Argi eta garbi dago.

Dihardugun disko honen hitzak ez zaizkigu euskal nortasun zehatzaz mintzo. Ez hertsapenaren nazkagarriaz. Ez kontzentzuaren estrategiaz. Ez estatutu "askatasunez". Lehendabiziko aldiz,

Errobik liberatu egiten ditu bere hitzak eta besarkatu gure Herriarena ere den beste hurbiltasun baten berotasuna. Pertsonalaren ikusgunetiko besarkada beroa. Bere hitz berriek barneko nahikaria daramate. Hau, bateratuta, jendeari idokitzen dio, heriotzeaz, Jainkoaz, samurtasun berriaz, askatasunaren zehazkabetasunaz partehar dezan haren ondoan. Eraldakuntza pertsonalaren aldaketa da, partehartze sozialaren multzoan. Bereizkunde interesgarria berau, egun herrialdean gogor gerta baitaiteke, batipat Errobik bere planteiamendu musikal ideiologikoak alda ez ditzan galdatzen segitzen dutenentzat. Nik uste dut ezen, ez aldatu ezezik beraietan segitu egiten dutela. Ikusgunea da aldatu dena. Orain berria da ezohituagatik. Mingarria, erabatekoa, sormen artistikoaren zentzu konbentzionala hausten baitute.

Musikari dagokionez, haren kantek lehen haroan (hitzei batipat zerbitzatzen zien haro hartan) zeuzkaten kanta standardaren moldeekiko inkonkrezioa nabarmena da. Egun Errobiren harrigarriena zera da, musikari ematen dion askatasun handia. "Andere" gisako gai hedatsu eta landuek ematen dute taldearen posibilitate gaitzen benetako neurria. Eta daukan esportapenerako irudi sendoa. Kanta honek, Durangaldeko herri melodietan, konkretuki "banako"an oinarrituta (hau bai sekulako ideia), sorterroetatik sormen pertsonalaren arlora garamatza. Gai bikain hontan "mediterraniar" soinua lortzen du, zenbait zalek hola esanen luke, aldez Mitxel saxo-sopranoaz baliatzen baita -lehen aldiz Errobik erabiltzen du joiki hau diskotan- kataluniar banden modu-modura. Nik neuk kenduko nukeen bateriaren bakarjoa gezurrezko, erantsizko soinua egiten baitu, Benat Amorena herrialdeko bateria-jotzailerik hoberena dela pentsatuta ere.

Molde gogor eta oso harmonizatuak nahasten zaizkio herri joikien egokitzeko eta antolatzeko ahaleginei, alboka kasu ("Alboka" gaia). Honelako taldeetan haien erabilerari garrantzizko baderitzot ere, ez dut uste hura erabiltzen igarri duenik, Errobiri nagokiolarik.

Grabaketa akats gabea da eta produkzio honen bidez, Jean Phocas gure orain-oraingo musikaren uki-harria bihurtu da, ahots eta joikiei, ezaugarri pertsonala emanez, aterarazten dizkien soinuak harmonizatzeko nagusitasun ez-arrunta daukan gizon bezala. Teknikaren hoztasunari buru-bihotzezko ezaugarria ezartzea bezalakoxea.

Iragarria zaigu ezen diskoa zenbait herrialdetan barna banatuko dela eta baldin gutienezko eragin eta gorapena lortzen badu, nik uste dut, Europako rockaren merkatu zaharkitu, nazioarteko eta alienagarrietan egun izan daitekeela irudimena eta kalitatea indarberritzen dituzten obra urrietarikoa.


Karlos Arko
errobi > diskografia

>>Errobi

Elkar, 1975 (LP)

>>Gure lekukotasuna

Elkar, 1977 (LP)

>>Bizi bizian

Xoxoa, 1978 (LP)

>>Ametsaren bidea

Xoxoa, 1979 (LP)

>>Agur t'erdi

Xoxoa, 1985 (LP)