Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > errobi> hemeroteka
errobi > hemeroteka

Errobiren diska berria. Anaitasuna, 347. zenbakia. (Artikuluak) (1977-09-15)

"Gure lekukotasuna" da Errobi taldearen bigarren diskoaren izena. Hegoaldean zabalkunde eskasa eduki zuen lehen diskoari jarraituz heldu zaigu bigarren hau eta, ba dirudi, baimen kontuak direla eta, lehengoa bezain gutti zabalduko dela oraingoa ere. Dena dela ez dugu haatik uste Errobiren izena ilunduko denik, beren lanaren orijinaltasunak hutsune bat betetzera baitator gure artera.

Kritika bat egiten hasteko, diskoaren osotasunari eta Errobiren musika kontzeptuari buruzko aipamen bat egin nahi genuke: beharbada lehenagotik egindako kritikak errepikatzen ari bagara ere, beren Ipar Amerikako musikaren infludentzia gogorregi iduritzen zaigu. Gure ustez, musika honen infludentziak ez du zertan kaltegarri izan behar, baina kasu honetan ia infludentzia bakarra da, eta honek asko mugatzen du beren lana. Disko berri honetan nortasun orijinalago batentzat abiatu nahiean ikusten baditugu ere, luzea iduritzen zaigu oraindik urratu behar duten bidea. Bestaldetik ere, infludentzia honek irtenbide gutti uzten dio beren musikari eta hau gehiago nabaritzen da bigarren disko hau lehengoaren linea berdintsuan ikusten dugunean. Garbi dago diskoa teknikoki izugarri ona dela eta taldearen osotasuna garbi agertzen dela baina moldeak gutti gorabehera lehengo diskoarenak dira.

Kantaz kanta aztertzean denetarik bi errazagoak iduritzen zaizkigu: "Telebista" eta "Langilearen hamar mandamenduak". Diskoari pisu komertziala ematearren egindako kantak bezala konpreni daitezkeela uste dugu eta nahiz musikalki ardo landuak izan, beharbada aipamen musikal errazegiak kritika genitzake zenbaitetan. Gure ustez, "Txileko langileria" izeneko kanta diskoaren onena da. Zortziko erritmuaren berriztapen saio interesgarri batek sostengatzen du kanta hau, oso tratamendu askatu bat lortuz.

Instrumentu akustikoekin egindako baladak rock-aren infludentziatik urrunago ikusten ditugu, "Bakearen urtxoa" dateke hauen artean aipagarriena.

Textuei bagagozkie, lehenengo aldiz Anje Duhalderen lan batzu agertzen dira. Besteak, aurreko diskoan bezala D. Landarterenak dira.

Balorazio estetikoak aparte utziz eta mamiari dagokion aldetik. Iparraldekoak soilik diren gaiak lehengo diskoan baino guttiago direla ikus dezakegu.

Ezin buka genezake azalari buruz mintzatu gabe. Gure gustuko, nahiz eta honetaz gauza handirik jakin ez, pobre xamarra iduritu zaigu diskoaren apainketa. Nolabait adierazteko azala ez dagoela musikaren mailan esango genuke.

Nahiz akats guztiak atera, eta egindakoa kritika negatiboa iduritu arren, "Gure lekukotasuna" lan profesional baten fruitua iduritzen zaigula argi esan behar dugu. Anjek, Mixelek eta beren lagunek oso ondo lantzen dute gure artean orijinaltasunei beterik gertatzen den estilu hori. Guretzat disko hau erdibidean egindako lan on bat da. Etorkizunean egingo den hobeago baten frogantza.

Edurne H.
errobi > diskografia

>>Errobi

Elkar, 1975 (LP)

>>Gure lekukotasuna

Elkar, 1977 (LP)

>>Bizi bizian

Xoxoa, 1978 (LP)

>>Ametsaren bidea

Xoxoa, 1979 (LP)

>>Agur t'erdi

Xoxoa, 1985 (LP)