Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > exkixu> hemeroteka
exkixu > hemeroteka

Exkixu. Argia, 1.467. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1994-01-23)

Bizkaieraz abestutako lehenengo rock-and-roll diskoa da esku artean daukaguna. Orain arte bizkaitarrek euskaraz egindako lanak urri izan badira ere, oraingo honek bertako euskalkian du saiaketa. Herrian errotutako saioa gernikar ausart hauek gauzatutakoa, eta rockari bere gogortasun osoan, ondo sustraitutako euskal instrumentu zaharrak gaineratu dizkiote, alboka, dultzaina edota gureganatutakoak; musu-soinua edo trikitixa. Bertsorik ere ez da falta beraien estraineko disko honetan.

Doinuak gogorrak diren heinean atsegin bilakatzen dira, errepikatzen diren leloak jarraiterrazak dira oso gainera, eta horrek aurreko udaldian emaniko kantaldietako zaletasun gehitzea dakar dudarik gabe. Durangoko azoka jendea itsuki zihoan diskoa erostera, berez ezagunak zitzaizkielako. Neguan ere eman dute ezagutzera bere burua, disko honen bitartez batez ere, eta zaletuak erraz dauka lan hau entzun ondoren, atsegina baita. Hamabi kantuetan zehar denetarik kanta eta kontatzen digute Exkixukoek, maitasuna, borrokarako kantuak, herrimina, matxinada edota Sarrionandiaren gartzelako poema bat harturik egindako bertsioa, Joseba Tapiak soinuarekin lagunduta, Igor Elortzak eta Unai Iturriagak bertsoz apaindurik. Hitzak, musika arinaz lagundurik, indarrez abestuta, gorrotoz zein amodioz plazaraturik, kantu denek dute historia, barnean sartzeko modukoak baitira.

Orain zuzenekoaren txanda da, plazaratzearena alegia; izan ere, taldea ezagututa, ederki asko moldatzen baitira egur gainean, entzulegoa dantza batean jartzeko gaitasuna dute, jarraitzaileak sortu dituzte nonahi eta horrek eragina izango du aurrerantzean, Bizkaia aldean bederen. Horrek ez luke muga izan behar beste herrialdeetara ere erabat hedatzeko, beraien nortasuna eta musikak ez baitu mugarik sortzen, irekitasun osoz jo eta jokatzen dutelako.

Patxi Gaztelumendi
exkixu > diskografia

>>Exkixu

Gor, 1993 (CD)

>>Gaua heldu orduko

Gor, 1995 (CD)

Askoren artean

- Loretxoa (Hitzak eta musika: Benito Lertxundi); Euskal Herriak izan behar du euskalduna eta librea! (EHE, 1996)