Hontz gaua. Anaitasuna, 384. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1979-06-16)
Luzaro izan gara, Haizearen balioa, Txomin Artola zen parte inportantea gabe, norainokoa den ikusteko zain, eta azkenez, "Hontz Gaua"-k erakutsi digu sekretua.
Parte natural bitan banaturik datorkigu disko bilduma: Lehenean lau kantu desberdin eta solteak agertzen zaizkigu, eta obraren edukia zentratzen den bigarren partean, sorginen mundua ukitzen da.
Komentatzen dugun obraren moduko bat egiteak suposatzen duen eginahala kontutan harturik, gehiago espero genuen Xabier eta bere lagunengandik. Hala ere, esan daiteke urruti iritsi direla.
"Hontz Gaua" kantata edo suite bezala, galdu egiten da, lau zati ezberdinen bidez (Sarrera, Deia, Ospaketa eta Akelarrearen Amaiera), akelarreen mundua erakustean. Entzun ondoren, zail egiten da parteren batetaz jabetzea, luzeegi eta inkonkretuegia baita, eta batipat, misteriozko giroa sortu nahi denetan. "Hegoa heldu da" izeneko sarrera kantua, izugarri lirikoa dugu, agian, diskoak duen hoberena. Hemen Pellok giro gregoriano eder bat sortzea lortu du, bere ahotsa lau aldiz nahastekatuz eta elkar gainean jarriz. Obraren beste puntu eder bat "Maritxiki korupeko" dugu. Horretan Amaiak entonazio ezezagun eta apalago bat ematen dio bere ahotsari, aurreko diskoan ezagutzen ez genuena.
A alderdiko lau kantuek, elkarrekiko loturarik gabe, Haizearen inguruan dauden ideia desberdinak erakusten dizkigute, eta bai konkreziorik eza. "Anderea"n konponketa komertzial bat egitea lortu dute, "cow-boy" musikarekin duen antzagatik desfasatu samarra. "Argizagi ederra", "beste alde"ko gai herrikoi batez eginiko melodia bakuna. "Arnaki", ahumea esateko hitz grekoa, izeneko kantuak hasiera interesgarri bat du Jethro Tull-en hildoan, baina sasoi bateko "Relámpagos" edo "Pequeniques" gogorazten amaierako partea.
Globalki diskoa bikaina da. Xehetasun handiz egina dela nabari zaio, baina zenbait parte instrumentaletan, giro enigmatiko bat sortzeko, zinten bidez soinuak aldatu dituztela ematen du. Hauetan melodikotasunik eza nabaritu zaio.
Azal tetrikoaz, diskoaren gaiarekin ados datorrena, giro oso ona lortu dute. Diskoarekin batean doan liburuto zabal eta dokumentatu baten bidez, xeheki informatzen gaituzte "Hontz Gaua" denaz. Sarrera Jon Juaristik egina da.
Herri Gogoa, 1977 (LP)
Xoxoa, 1979 (LP)
- Kolorez busti nauzu (Amaia Kasasola, Xabier Lasa); Nuklearrik ez, eskerrik asko. Lemoiz gelditu! (Tic-Tac, 1980)