Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > iņaki eizmendi> hemeroteka
iņaki eizmendi > hemeroteka

Gureak ez diren kale ixileen bi milagarren samiņa. Anaitasuna, 344. zenbakia. (1977-07-15)

Eskuartean dugu Iñaki Eizmendiren "Gureak ez diren kale ixilen bi milagarren samina" izeneko L. P. berria. Denbora luzez egon gara Iñakiren lan honen zain. Izan ere, ihazko azken egunetan grabatu zena orain gutti kaleratu dute, eta, ba dirudi, beraz, Movieplay-kardantxa-k, Madrileko diskoetxeak, jarraituko diola euskal kantarien diskoak ateratzeari.

Itxuraz oso ongi apaindua heldu da. J. M. Susperregik egindako argazkiaren tonua zinez egokia iduritzen zaigu. Hainbat disko azalen presuntziotik urrun kokatzen da honako hau, oreka ongi gordez.

Norbaitentzat agian Iñakiren ahotsa ezezaguna gerta liteke, diskoa entzun baino lehen. Hala ere, bere trajektoria ez da oraingoa. Oihartzun masiboen bila izan ez bada ere, aspaldian ibilia da kantari legez zenbait herritan.

Diskoa kritikatzean parte bi egitea beharrezkoa iduritzen zait, eta Iñaki aurrez aurre kantatzen ikusi dugunok behintzat, honetan bat etor gaitezke: alde batetik, bere emaitza eta esperientzia eta bestetik, diskoa bera, hots, musika moldakuntzak eta diskoetxearen lana.

Iñakiren lanari bagagozkio berezitasun bi ikus ditzakegula uste dut: erritmuen estudioa eta melodien bilakaera. Gure kantutegi eta modu zaharrak ezagutu eta gero aurrerabide posible batetik abiatu nahian dabilkigu Iñaki. Beste euskal kantari askoren antzera lehenengo urratsa kanta zaharrei atxikitzea izan zitekeen, baina zein da espresiobide hauk oraingotzeko bidea, egungo tendentzia musikalekin harremantzeko nondik nora jo lezake? Euskal kantari gehienen trajektoria oso lineala izan da. Salbuespenak aparte, noski, gaurko euskal kantak orain dela hamar urtetakoaren konstanteak gordetzen ditu sarri. (Hau ez da gainera egiturari buruz bakarrik esan ahal). Alde honetatik, Iñaki doinu apainduen aldekoa agertzen zaigu, melodiaren arduratsu. Beste zenbait kantariren eskematismo musikaletik urrun ibili nahi dute hamaika bariazioz hornitutako frase musikal luzeek. Batzutan, bestalde, Mediterranio inguruetako musikaren infludentziak nabari ahal zaizkio; Hego Amerikako musikarenak... baina -eta hau ez da gure artean ohizkoa- infludentzia hauk ez dira ezinbestean hartutakoak, baizik eta aurrerabidean egindako aukerak. Beste hainbeste musika tendentzia ezagutuz, bere konstanteak lantzeko eta kantari bakar batek dituen posibilitateei egokitutako moduak dira.

Iñakiren berezitasun hauetatik aparte, moldakuntza musikalei buruz ere hitz egin beharra dago. Zoritxarrez edo azkenaldi honetan Madrilen atera diren zenbait euskal disko aztertzean banaketa hau egin behar ukan dugu. Hango diskoetxeek ba dituzte beren exigentziak eta aldez aurretik markatutako epe baten barruan grabatu beharrean izatetik aparte, gehienetan moldakuntzak eta musika inguru dena, moldatzaile profesionalen eskuetan gelditzen da. Euskal musikaren etorkizunari begira, kantariak baldintza baten aurrean daude: produktu on bat ateratzeko premiak Madrilen grabatzera bultzatzen ditu, eta bitartean ez da hemen bertako musikariekin azpiegiturarik lortzen. Musikari profesionalek, nahi eta ez, beren jitea inprimatzen diote lanari, honek dakarren kalte guztiarekin. Uste dut, textuinguru honetan ulertu behar dela L. P. hau. G. Knörren "Txalaparta-n" bezala, H. Icasto da musika moldakuntzen arduraduna, eta nahiz eta Gorkaren diskoan baino trebeago agertu, ez du gure ustez Iñakiren musika ulertu: erritmua bada Iñakiren konstanterik funtsezkoenetariko bat ez dugu uste behar bezala tratatu dutenik. Batzutan tresna gehiegi sartzen dute eta honek, erritmua frenatzetik aparte ez du bere lana ongi betetzen, bakarrik uzten du bestetik hain trebe eta fin agertzen zaigun Iñakiren ahotsa ("Larra erdian", "Gure herria"), Ahotsetik musikara alde bat balego bezala, ongi fusionatuko ez balira bezala entzuten dira kanta batzu. Harmoniari dagokion partetik, berriz, instrumentazio finago bat beharko lukeela uste dut, betiko efektuak eta baliabide gastatuegiak erabili barik ("Gernikari" hasierakoak edo kanta zaharraren haize hotsa...)

Azaleko argazkiak eta barruko aldean dagoen textuak adierazten dute Iñakiren asmoa, diskoaren oinharrian datzana, hain zuzen. Hiri barnekoa da egin nahi duen musika, hiriko biztanleei egokituta. Hala ere, ez dugu uste disko honek azpian daramatzan asmoak oso osorik bete dituenik. Ez du erakusten Iñakik kanta urbano batetarantz egin duen lana. Kontutan eduki behar da grabatutako zenbait kanta bere lehen epekoa dela ("Gure jakintsuak") eta orain errepertorioan dituen kanta batzu ez dituela grabatu beste diskoren baten itxaropenean, seguru asko.

Hitzak begiratuz gero, beren jite modernoa ezin daiteke dudatan jar, baina honek ez du nahi eta ez urbanoak direnik esan nahi. Letra guztiak bi ezik (bata zaharra eta bestea B. Atxagarena), Iñakirenak dira eta beraietarik urbanoa hutsik kontsidera dezakeguna "Zintzilik dauden eskuen balada" dateke. Bestetan oraindik beste eratako haztarrenak ikus ditzakegu (lexikoa: mendia, harkaitza, itsasoa, larra...)

Dena dela ikonoez eta hitz magikoez baliatzen ez den kantari honek ba du zer esaterik euskal kantagintzaren zirkulu honetan. Kantamolde berri bat lantzen ari da Iñaki, eta aipagarri, zinez aipagarri da bere lehen emaitza hau.

Gureak egin du.

Txantxiku
iņaki eizmendi > diskografia

>>Zaldi erratu hatsa

Xoxoa, 1980 (LP)

Askoren artean

- Oi, nere zoragarria! (Hitzak eta musika: Jose Maria Iparragirre); Iparragirre. Zure oroiz (Xoxoa, 1981)