Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > itoiz> hemeroteka
itoiz > hemeroteka

Itoiz grabatzen. Anaitasuna, 417. zenbakia. (Artikuluak) (1982-02-01)

«Ezekiel» diskoa kaleratu zenetik ia urte pare bat iragan da eta laster izango dugu Itoiz taldearen hirugarren disko nagusia entzuteko aukera.

Bigarren disko hau atera ondoren taldeak zinta bat grabatu zuen, bi edo hiru kantuk osaturiko zinta, eta Euskal Herriko irratietara zabaldu zena. Bazirudien hurrengo diskoa bide horretatik -musika aldetik- abiatuko zela, baina ez da horrela izango. «Ez, hurrengo diskoak beste etapa batetan sartzen gaitu. Ez du zinta honekin zerikusirik» zioen Juan Carlosek.

Hirugarren diskoari ekingo diote orain eta otsailaren 6an sartu da taldea Galdakaoko estudioetan, Phocasen erreinuan. «Gai guztiak prest dauzkagu, orain estudioetan sartu eta aukeraketa egitea falta zaigu -diosku Jose Garatek- dauzkagun 13 gaien artean zortziren bat edo aukeratu beharko ditugu. Letrak eta musika Juan Carlosenak dira, letra bat edo bi izan ezik, Joseba Alcalderenak direnak, aurreko diskoetan ere parte hartu duena».

Grabaketa Galdakaoko estudioetan egiten dihardute, baina edizioa ELKARen eskutik izango da. Honekin beste talde bat galtzen du XOXOAK, hasieran dirurik gehien eman zion taldea alegia. Eta ez da bakarra, Oskorrik ere aldegin du eta beste zenbaitek, Txomin Artolak esaterako.

Nahasketak Madrilen egingo dituzte «Hau beste esperientzia bat litzateke guretzat. Guk ez dugu inoiz holakorik egin, baina beharrezko ikusten dugu egitea». Hortik aurrera diskoa ELKARen eskuetan geratuko. «Diskoa ez da monografikoa izango, hau da gai bati mugatua, aurreko diskoaren antzera -dio Garatek- besteak askoz sinfonikoagoak izan dira eta honetan beste musika mota batzu sartuko ditugu, garregungo musikarekin erlazionaturik daudenak». Jende berriaren gaia ere argitu digu Garate ondarrutarrak. «Grabaketarako jende berria bilatu behar genuen. Alde batetik bateria bat eta azkenean Anjel Celadak lagunduko gaitu. Saxoari inportantzi gehiago eman behar zitzaiola ikusten genuenez saxoa sartu dugu eta German Ors-ek hiru motako saxoak joko lituzke. Sartu dugu baita ere gitarrista berri bat, Aritza taldearekin herriz herri berbenetan zebilena».

Anjel Celada Euskal Herrian gaur dugun bateriarik onena izango da, «Fausto» eta «Orquesta de Mondragón» taldeetan egona eta Erruperren diskoan erritmoa nolabait markatzen zuena. Gaurregun zenbait talderen laguntzaile bihurtu da, erderazko «músico de estudio» edo disko grabazioetan. Ba du Anjelek gainera bere taldea, jazz musika eremuan mugitzen den hirukotea.

Diskoaren izena oraindik erabaki barik dago baina posible litzateke Elkolea izatea. Zergatik? Taldea hasi zenean taldekoak Ondarroan edo Motrikun bizi ziren, gaur ordea Bilbo edo Bilbo inguruetan eta aldatze hori adierazteko «Elkolea» izena erabiltzen dute, Motriku mugan dagoen etxe bat.

Joxe Ugarriza
itoiz > diskografia

>>Itoiz

Xoxoa, 1978 (LP)

>>Ezekiel

Xoxoa, 1980 (LP)

>>Alkolea

Elkar, 1982 (LP)

>>Musikaz blai

Elkar, 1983 (LP)

>>Espaloian

Elkar, 1985 (LP)

>>Ambulance

Elkar, 1987 (LP)

>>Itoiz 1978-1988

Elkar, 2000 (CD)

>>Itoiz, hari xingle bat

Paper Hotsak, 2005 (Liburua)

>>Antologia 1978-1988

Elkar, 2008 (CD-DVD)