King Mafrundi. Entzun!. (Disko iruzkinak)
Aski ezaguna den Jimmy Arrabit bateria jolearen inguruan sorturiko talde honek formazio ezberdinak ezagutu ditu gaur egun duen itxura hartzeraino. Reggae bezala katalogatzen zuten talde hau lehen aldiz ikustean konturatu nintzen beraien eremu musikala ez zegoela soilik estilo honetara mugatuta, beraien ezaugarri nabarmen bat izan arren. Hamar abestiz osaturiko CD honek agerian uzten du beraien kutsu afrikarra, baina batzuetan esentzia hori galtzen dute jazz-rock-fussion eremuetan murgilduz. Honen adibide da Alain Michel gitarra-jolearen joera esperimentala efektuak lortzerakoan, bosgarren eta seigarren abestietan beraien luzimendu pertsonalei utzitako tarteak eta orokorrean lortu duten soinu garbi eta erasokorra. Hala ere, erritmo eta melodiek sustrai afrikarra dute, taldeko zenbait partaidek bezala, eta Paul Simonen aspaldiko "Graceland" diskoa datorkit burura ahotsaren melodiak eta koru ezin hobeak entzutean. Jatorrizko hizkuntza, euskara eta ingelesa tartekatzen dute abesterakoan eta mundu honek ezartzen dizkigun mugen aurka bideratzen dituzte hitzak. Diskoa horrela defini daiteke: King Mafrundi, sustraietatik gaurkotasunera. King Mafrundi, Afrikatik Euskal Herrira.
Iņigo Arruti