King Mafrundi. Argia, 1.593. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1996-10-20)
Lehenik eta behin, ongietorria eman behar lehen euskal-afrikar taldeari; definizioz horrela hartu baitezakegu King Mafrundi, Jimmy Arrabit bateriajole bikain eta ezagunaren inguruan osatutako taldea. Hauxe da haien lehen lana, eta nahastu egingo dira ohiko disko afroa, kasu honetan euskaraz, topatu nahi dutenak. Eragin afro nabariaz gain, reggae izpiritua baitago eta bi horietaz gain, jazz eta funkyaren itzalak nagusi dira lan honetan, non azkenean musika kosmopolita izango den jaun eta jabe.
Eragin asko dira ordea, elementu asko orekatzeko eta oro har lana maila onean mugitzen bada ere, batzutan indefinizio musikalak eragindako konfusioak kantuaren lerroa hausten du. Gehiegizko iruditzen zaizkigun gitarra distortsionatu solo batzuez ari gara batez ere, edo klabe jazzeroetan mugitzen diren hainbat eta hainbat lerroez.
Bestela, oinarri erritmikoak makina baten modura lan egiten du, faltan botatzen dugularik agian perkusioen presentzia nabariagoa, bateriaren eta gitarraren lan apala edertzeko. Kantuetan asko gustatu zaigu "Dunia", konpakto osoko kanturik bikainenetakoa, baita "Afrika itzala" jazzero funkyena edo "Freedom" bezalako konbentzitzeko moduko reggaeak.
Laburtzeko, fresko eta indartsua den lana nahiz eta oraindik talde honek askoz ere gehiago eman dezakeela susmatu, gehiegi argitu eta sendotasun gehiago eman ezkero beraien musika lanari, gure uste apalean behintzat.
Esan Ozenki, 1996 (CD)
Esan Ozenki, 1998 (CD)
- Euskal Herria zuzenean
- Babel dorrean (Hitzak: Jose Mari Argoitia-Musika: King Mafrundi); Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997)