Lau Behi-bi. Argia, 1.615. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1997-03-02)
Txemari, Juanra, Alberto eta Mikelek (Lau Behi) musikari bezala duten maila paregabean eta dituzten eragin musikalen isla duzue disko hau. Donostiar hauek urte asko daramatzate musika munduan, esate baterako Parafunk taldeko musikari moduan, eta blues, pop eta rock talde desberdinetan parte hartu dute.
Diskoan, aurreko lanaren ildo berbera jarraitu dute: ondo eginiko rocka eta rhythm&bluesa. Horren lekuko, "Aha", "Berdin da" eta "Ume eroak" izeneko kantuak, edo bestela "Presio gehiegi", "Kafe koloreko Mercedesa" eta "Iritsi da" kantuen erritmo eranskorrak.
Ziur ez dutela arrakasta handirik lortuko, baina ez egiten dutena gaizki egiten dutelako; baliteke tamalez, erabiltzen duten hizkuntzagatik izatea, hots, ingelesez eta espainieraz abestuko balute beraien arrakasta askoz ere handiagoa izango litzateke.
Soinuari buruz azpimarratzekoa da lortu duten maila. Disko trinkoa entzuteko orduan, ez izan bozgorailuak topera jartzeko beldurrik, horretarako aproposa baita grabaketa hau, beraiek %100 soinu natural gisa definitu dutena, alegia. Maila oneko rocka gustuko baduzu, hauxe duzu zure diskoa.
IZ, 1995 (CD)
IZ, 1996 (CD)
IZ, 1996 (EP)
Oihuka, 2000 (CD)