Lin Ton Taun. El Tubo 51, 1994ko otsaila. (Disko iruzkinak)
Zestoako seikote honen lehen lan hau kontutan hartzekoa da garatzen duten estilo elkarpen bereziagatik, tritikixa, bertsolaritza, eta rocka hain zuzen. Interesgarria suertatzen da eta berria ere nolabait, aitzindariak badituela gogoratuko baituzue askok; horra hor Hertzainak-ek bere garaian egindako esperientziak edota aspaldian sortutako trikipunk. Guzti hau ondoen adierazten dituzten kantuak "Begiak okertuta", "Askatasun egarriz" eta "Zestoako harrobia" dira, hirurak alaiak eta entretenigarriak. Hala ere badute bere alde gogorra, ia heavyra hurbiltzen dena: "Hodei ilunak", "Zu gabe", "Etsaiaren atzaparretan" eta "Intsumisoa" bezala. Tristura eta hunkigarritasunerako lekua ere badago "Kateak apurtu" abestian, musikalki oso landua, gogortuz dihoan funky lasaia da.
Hitzak taldeak berak idatzitakoak dira, bi ezik: "Mendian gora rap", Xabier Amuriza idazlearena dugu. Bertan denetatik dago, ska, heavy-rap eta mezu baikorra. Bigarrena "Erasua faxista" da, Errexil bertsolariak 1992an idatzitakoa eta bertsolarien gremiotik betirako kaleratua izatea balio zitzaiona.
Orokorrean lan honek jorratzen dituen gaiak gazte orori ardura zaizkionak dira: langabezia, euskal kultura, droga, intsumisioa, presoekiko elkartasuna eta ekologia. Taldeari bere gaztetasuna nabaritzen bazaio ere ezin zaie ukatu euskal pop musikan irekitzen hasi diren bide berria.
Esan Ozenki, 1993 (LP)
Esan Ozenki, 1994 (CD)
Dro East West, 1997 (CD)
Dro East West, 1999 (CD)