Lin Ton Taun. Argia, 1.496. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1994-02-06)
Goazen mendian gora!
Lehenengo maketaren agerpenaren ondoren ez dira gelditu ere egin Lin Ton Tauneko mutikoak. Nahiz eta oraindik talde gazte eta berria izan esperientzia bikaina bizkarreratu dute azken bolada honetan. Kontzertu ugari burutu dituzte eta urteko euskal talde errebelazioetariko bat bihurtu dira.
Lan guzti honek izan du bere saria. Aipagarriena, Esan Ozenkiren bitartez disko bat kaleratzeko aukera. Hamar abestiz osatua, hauetatik bost aurreko maketakoak dira eta gainerakoak berriak. Dagoeneko maketak harrera ona izan badu jendearengan, diskoarena ez da gutxiagokoa izango. Benetan lan polita egin dute Lin Ton Taunekoek, musika alai eta entzuterrazaren alde apostu eginez. Bestalde, ez da ahaztu behar Negu Gorriak-ekin egindako promozio lana eta honek dudarik gabe izango du eraginik diskoaren salmentan.
Hala ere, nire ustez, diskoak badu hutsune bat: ez dago dudarik soinu aldetik garbia eta txukuna dela baina taldeak zuzenean duen oinarri gogor eta erabateko hori faltan nabari dut.
Azken ohar bat: askotan esan didate Lin Ton Taunen arrakasta pandero eta eskusoinuaren sarrera oinarritzen zela. Zenbait abesti berrik ez dute bi instrumentu hauen aportaziorik. Hala ere, ez da somatzen, inondik inora, freskotasun edo kalitate galerarik.
Esan Ozenki, 1993 (LP)
Esan Ozenki, 1994 (CD)
Dro East West, 1997 (CD)
Dro East West, 1999 (CD)