Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > lin ton taun> hemeroteka
lin ton taun > hemeroteka

Baneki. Argia, 1.618. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1997-03-23)

Jada kalean da Lin Ton Taun taldearen hirugarren lana. Berrikuntza ugari dakartza. Batetik, Esan Ozenki disketxea alde batera utzi eta Dro multinazionalaren eskuetara jauzia egin du taldeak. Euskal Herritik kanpora arrakasta eta entzule berriak topatzeko apustua antzeman daiteke, eta honen adibide gisa, maiatza inguruan plazaratuko duten Oscuras verdades bertsioa, non kantu guztiak erdaraz abestuko dituzten. 

Bestetik, musika alorreko berrikuntzak dira azpimarragarri. Gogortzera egin dute, azken tendentzien eragin nabariaz, Rage Against The Machine edo Hamlet taldeena, adibidez. Hala ere, betiko formula erabiltzen dute abesterakoan, eta bi abeslarien arteko hika-mika etengabean asko hobetu dute aurreko lanetatik. Melodikoagoak dira ahotsak, "Goibelaldi" edo "Antzerkia" abestietan kasu; hori bai, taldearen aurreko ildoari jarraikiz, lelo errepikakorrei garrantzia handia eman diote. Berrikuntzarik ere antzeman daiteke kantu lasaiei uzti dieten lekuan: "Revolver" edo "Udazkeneko hostoak" azpimarratzeko abestiak dira, konponketa ugariz -saxoa eta teklatuaren bizitasunaz- atonduak. "Sua" kantuan berriz, pop estilora jo dute. Taldearen indarra baina, "Desioa" edo "Beharraren itzala" moduko doinuetan agertu dute. Lin Ton Taunen benetako aurpegia.

Hasiera batean arrakasta ekarri zion triki ukitua albo batera utzi dute, eta ordainetan konponketetan sakontzera jo dute. Hitzei dagokienez berriz, aurreko diskoetan agertzen ziren gai sozialak alboratu eta gai pertsonalagoei lekua egin diete Lin Ton Tauneko kideek. Azkenez, bitxia da nola osatu duten diskoa: Amasako IZren estudioetan egin dute grabaketa, Madrilen nahasketak eta Londresen masterra. Emaitza: kalitate oneko soinua.

Koldo Otamendi
lin ton taun > diskografia

>>Lin Ton Taun

Esan Ozenki, 1993 (LP)

>>Nola esan dek?

Esan Ozenki, 1994 (CD)

>>Baneki

Dro East West, 1997 (CD)

>>Micro

Dro East West, 1999 (CD)