Etorkizunaren memoria. Argia. (Disko iruzkinak) (1996-11-03)
Miren Aranburu ezagutzen ez dutenek akaso ezagun izango dute Maider, "Goenkale"-ko irrati esataria.
Mirenek 1977an grabatu zuen lehen diskoa, Lehertu da. Horretaz gain, Imanol Larzabal eta Jabier Muguruzarekin kolaboratu du eta filme zein marrazki bizidunetarako kantuak abestu ditu.
Jean Louis Hargous musika garaikideko konposatzailea da eta Fractal edota Tchicsi jazz taldeekin egin izan du lan; baita Amaia Zubiria zein Jabier Muguruza euskaldunekin ere. Disko honetan saxo eta klarinete baxua jotzen ditu, bereak diren abestiez gain. Mirenek hitzak jarri ditu eta, nola ez, ahosa.
Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Victor Celada, Jabier Muguruza eta Nagy entzuteko aukera dago diskoan.
Harritu egin nau jazz disko abestua entzuteak: Euskal Herrian ez dira jazz diskoak soberan, Iñaki Salvador eta Tejadaren baten bat baina apenas gehiago. Disko honek asko du jazzetik, bossa ere entzun daiteke eta bada blues bat ere, jazz ukitu handiekin. Produkzioa oso xumea iruditu zait, baina ez txarra. Xumea, oinarrizko doinu eta pianoekin baina aparteko adornorik gabe. Askotan, bera onena. Bigarren kortea da honen adibide nagusi. Bateriak platerekin jokoak egiten ditu baina hortik atera gabe, bitartean gainerako musika tresnek juxtua egiten dute eta Iñaki Salvador pianoarekin doa.
Oraindik arraro egiten zait euskaraz abestutako jazz kantu bat entzutea; agian horregatik egin zait arraro Mirenen ahotsa. Gainerakoan, nabarmentzekoak dira "Libanoko zedroa" edota "Kanta kaltegarria".
Instrumentazio onaz lagunduta eta gustuz egindako diskoa.Movieplay, 1977 (LP)
IZ, 1996 (CD)
mp3.com, 2000 (CD)
Errabal, 2002 (CD)
Errabal, 2005 (CD)