Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > oskarbi> hemeroteka
oskarbi > hemeroteka

Oroitzapen batzuk. Berria. (Artikuluak) (2004-10-29)

Nostalgiaz gainezka dagoenaren sentimenduak direla pentsa dezake norbaitek; eta halaxe izan ere izango dira, seguruenik. Baina Oskarbi taldearen antologia honen argitalpenaren notizia jasotzean, ezin gorde dut orduko oroitzapen asko. Izan ere, 60ko hamarkadako beste euskal kantari askorekin bezalaxe, faboredun hutsak izan ginen gu Oskarbi taldearekin. Pasaia aldean kantari hasi omen zela talde bat esan ziguten behin; eta handik laster grabatu genuen oraindik ere gorderik dudan haien lehenengo kanta sorta hura.

LOIOLAKO HERRI IRRATIAN. Gero, 1968ko otsailaren 18an egindako elkarrizketa batean esan zigutenez, «probintziko herrietako jaialdietan eta Donostiko irratietatik kantatzen zuten»; eta egia zen gainera, batez ere herri askotan kantatzen zutela. Baina, nori berea emateko, argitasun txiki bat egin beharko nuke, antologia honen berri izan bezain agudo; Donostian entzuten ziren Oskarbiren kantak, Loiolako Herri Irratian grabatu eta handik emititzen ziren gehienbat. Ala, ni oso oker ote nago, K. Romero jauna? Orduko gure grabaketari dagokionez, gogoan dut lehenengo aldiz Pasaiako Don Bosco ikastetxean bertan grabatu geniela, arratsalde-ilunabar batean. Loiolako irratian hartarako nahiko tokirik ez eta, gure tramankulu astun eta nagiak hartu —ai, gaurko grabagailuak!—, eta hantxe joan nintzen, ez teknikari eta laguntzaile.

Hiru neska eta lau mutilek osatzen zuten taldea, ahots eta gitarra. Izenak gaizki hartu ote nituen, ala Itziar, Maite, Mari Jose, Kepa, Karmelo, Iñaki eta Jose Luis ziren? A, eta horiez gainera, alde guztietatik garra eta gaztetasunsua zerion zuzendari oteizar bat, Koldo Romero handia. Kosta zitzaigun 1967ko grabazio huraxe! Ez zen kantari bakarra grabatzea bezala. Nola osatu behar genituen denetzat mikroak, nahasketa egiteko mahai kaskar bat eta abar? Halare, itsuitsuan, ahal zena egin eta aurrera, mutilak! Hala moduan, baina, hantxe bertan grabatu genituen Katalin ttirun-ttarun (Herrikoia-L. Romero), Zazpi urte baduzu (Herrikoia-L. Romero), O Pello, Pello (Herrikoia L.Romero), Astea luze (Herrikoia-L. Romero), Barberak esperantza (Herrikoia-L.Romero), Hiru andereak (Herrikoia) eta Txori txikiak (Herrikoia- L.Romero).

OSKARBIREN ESTILOA. Protesta abestia modan zegoen Oskarbi kantatzen hasi zen garaian, eta jendeari atsegin zitzaiolako zegoen modan, jakina. Halare, bi helburu nagusi zituzten buruan eta bihotzean Romero eta Oskarbiko neska-mutilek: a) Jaialdi guztiak erdaraz bakarrik ematen zirela Pasaia eta inguruetan, eta beraiek dena euskaraz kantatu nahi zuten, molde txar guztiak hautsiz, eta gizarte konkretu bati kantatu, mezu zabalagoak ematen saiatuz; eta, b) Momentu zehatz bateko giroa baztertu gabe, aurrerago jo nahi zuten, esaten zutenez. Beren lana bikaina eta emankorra izateko, lehena eta oraina elkartu eta uztartu behar zirela agindu zuten.

Oskarbiren kantatzeko tankerak harritu gintuen. Kanta zaharrak modu /erritmo berezian kantatzen zituzten, saltokasaltoka. Baina grabaketa ostean egindako elkarrizketan esan zidatenez, «euskal-jazz moduko zerbait sortu nahi genduke. Euskaljazz hizkuntzan, bere funtsean eta mugimenduetan. Gaurko giroari, gaurko teatroari lotu nahiz. Gai bat ematen da, estruktura bat eta bertan sustraiturik, taldea askatasunez ari da, bere lana onena ala txarrena den pentsatu gabe, bildurrik gabe ondorengo emaitza baten bila. Iritsiko ote dugu? Zaila erantzuten! Guk zuzia piztu nahi dugu gure konpositoreei eskaintzeko, ta horrela biharko kanta berria asma dezaten, barnean dugun antzinako oihartzuna berpiztuz».

EIBARKO SARIKETA. 60ko hamarkadan Oskarbirekin bizi izandako pasarte askorentzat tokirik ezean, Ez Dok Amairu taldearekin emandako jaialdiak, 1968ko ekainaren azkenetan Eibarren egin zen I. Concurso de Interpretes de la canción en euskera lehiaketa eta abar gogoratuko genituzke, azkenik. Gogoan dugu Eibarren lehenengo saria irabazi zutela, Bergarako Ameslariak eta Urretxindorrak taldeen aurretik. Inoiz entzun genienez, bere lana ez zuten jarri nahi disko grabaketaren morrontzan, izan ere, nahiago zuten edozein plazatan, pilotalekutan edo aretotan jendearen aurrean zuzenean kantatu; eta horretarako prestatzen ahalegintzen ziren, bereziki. Halere, luzaro itxaron ostean, 1969ko abenduan argitaratu zuten bere lehenengo diskoa, eta hantxe bildu zituzten lau kantu herrikoi: Pello Joxepe, Kattalin, Astea luze eta Iru andereak. Disko ttiki haren azala Jorge Oteiza handiak prestatu zien, haren lagun eta miresle izan ziren-eta beti.

Joxe Mari Iriondo
oskarbi > diskografia

>>Oskarbi

Herri Gogoa, 1969 (EP)

>>Abesti zaharrak eta berriak

Herri Gogoa, 1970 (LP)

>>Eskutari

Herri Gogoa / Edigsa, 1972 (LP)

>>Hitz urri batzuk

Herri Gogoa / Edigsa, 1976 (LP)

>>Olentzero

Herri Gogoa / Edigsa, 1976 (LP)

>>Euskara eta txakolina

Elkar, 1979 (LP)

>>Olentzero

Elkar, 2008 (CD)

>>Xirimiri

Elkar, 2012 (CD)