Mila sagarroi bide bazterrean. Argia, 1.531. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1995-05-21)
Iparraldean ere badago norekin dantza egin
Paul Simon Iparraldekoa ote? Hori datorkit burura Txakun taldearen lan berria konpaktoan sartu eta hau martxan jartzean. Lehenengo doinua bafleetatik atera bezain pronto Graceland Paul Simonen diskoa dirudi, baina ez... Hasteko ez da batere erreferentzia txarra, baina bigarren doinura pasa bezain pronto bertan behera utzi behar dugu, eta erreferentzi berri bat bilatu, eta horrela diskoaren amaieraraino. Baina diskoak osotasun garbi bat du, erreferentzia gehienek abiapuntu berbera baitute, folklorea eta erritmo etnikoak; erritmo afrikarrak, reggaea, ska, funk tanta batzuk, eta, nola ez, euskal folk tradizio aberatsa.
Nahasketa, edo hobe esanda, konbinazio hauek ditugu entzungai disko osoan zehar, abesti batzuetan rock zelta ere aurki dezakegularik. Doinuak beraiek idatzitakoak ditugu, doinu herrikoi bat izan ezik, eta musika herrikoiak edo folkak duen helburua betetzen du diskoak. Dantzara gonbidatzen gaitu eta guztiz alai gainera, edozein herritako festetan sar daitekeen taldea. Letrak ere ildo horretatik doaz, generalean alaiak, gai historikoarekin batzuk, eta konpromezu minimo bat ere aurki daiteke zenbait abestitan. Kolaborazio ugari aurki ditzakegu letretan, Itxaro Borda, esaterako.
Disko hau, Mister Saguak taldearena bezala, Iparraldeko Rock Taldeen Elkartea eta IZren artean ekoiztu dute, Kaki Arkarazo izan dugularik soinu hartzailea. Lan aipagarria berea, soinu aldetik ekoizpen oso egokia baitu.
ZTK, 1993 (CD)
>>Mila sagarroi bide bazterrean
IZ, 1995 (CD)
IZ, 1996 (EP)
IZ, 1997 (CD)