Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > txanbela> hemeroteka
txanbela > hemeroteka

Doinurik doinu. Argia. (Disko iruzkinak) (1987-06-07)

Lana erruz egin du urteetan zehar Txanbela taldearen arima den Joan Mari Beltranek, eta hori igerri da Azala haren lehenbiziko diskatik Txanbelaren Doinurik doinu honetarainoko bilakaeran. Inbestigazio lan horren ondorioz, errepertorio aberatsa eta era oso heldu batean tratatua eskuratu digu. Heldutasuna nabari zaio armonietan bezala hautatu dituen kolore eta tinbreetan. Grabaketa estudioaren ezagutzak ere marka uzten du: produktua erabat burututa eraman du grabaketan sartzerakoan.

Bizkaiko alboka soinutik hasi eta Zuberoako "Branle aintzineko kontrapasa"-ra, Romanoren errepertorioko "Rigodon 4"-tik "Fandango zaharra" delakora, Euskadiko mutur guztietako doinu eta soinuak eskaintzen dizkigute. Instrumentazioa aberastu egin dute: kornamusa entzuten da, rigodoia tubak dotoretzen du... Eta gero eta gehiago dira testua duten kantak ere. Batzuetan tradiziotik hartuak, bestetan musika herrikoiari letra berriak ipinita.

Bi pieza aipatuko nituzke batik bat. "Fandango zaharra" deitzen den txistu pieza luzea oso ongi moldatua gelditu da, eta sentimentuzko ikutu berezi bat darama. "Esmeraldazko Eire gorritua" da bestea. Jadanik bestek jotzen duen pieza kanpotar bat hartzeko arriskua bereganatu, musikaz aparte gaia ere Irlandari eskaini eta testua egiteko hango errealitatea ezagutzen duen batengana jota, benetan hunkigarria gelditu zaie.

Zerbaitetan ahul badira, abotsetan azaltzen dira ahulen Txanbelakoak. Aparte abotsak ez edukitzeaz gain, beldurrez kantatzen dutela dirudi sarri. Eta hala ere kanta batean batere instrumenturik gabe ausartu dira.

Ausardia bait da, lanarekin batera, diska honen beste ezaugarri bat. "Tronparena" jotzen eta kantatzen duten bezala egiteko behar da. Taldea duela gutxi berritua da, eta bide luzea egin dezake. Kontzesiorik gabea eta sakona, diskoa. Errepertorioz, gaiez eta tratamenduz heldua da, eta esan daiteke hau dela sentsibilitate handiko militante baten inguruan talde interesgarri batek plazaratutako emaitza heldua.

Xalbardin
txanbela > diskografia

>>Txanbela

IZ, 1984 (LP)

>>Doinurik doinu

IZ, 1987 (LP)

>>Hirugarren koxkan

IZ, 1989 (LP)

>>Arin-arinketan

IZ, 1997 (CD)