Bertso berriak pobreziari jarriak. Argia, 1.535. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1995-06-18)
Aise entzuteko diskoa, pretentsiorik gabekoa
Bertsoak, musika eskukada bat eta, ale hop!, hemen duzue Gor disketxeak argitaratutako Zazpi Eskaleren keinua. Basauriko Trintxera kultur elkarteak pasa den urtean antolaturiko pobreziari buruzko jardunaldietan jaio zen ideia, eta horren jarraipena dugu Josu Zabala, Hertzainak taldeko kide ohiaren zigilua antzematen zaion disko hau. Hain zuzen ere, kantu gehienek dute Hertzainak talde zaharraren zapore hori (besteak beste, "Kartoipeko ametsak" eta "Kaixo amatxo" abestiek").
Ohiko bertsolaritzarentzako aide berriak, punta puntako gazteen eskutik datoz. Bertso munduan ere aurrera egin behar da eta, Andoni Egañak Tximeletak sabelean diskoarekin egin bezala, orain Unai Iturriagak eta Igor Elortzak bertsoak musikatzearen aldeko apustua egin dute. Orijinaltasuna behintzat ezin zaio ukatu proiektu honi.
Bertsoak berezkoa du xarma, eta ez du konplikazio musikal handiegirik behar, "Kale kantoian" edo Pello Mari Otaño bertsolari handiaren hitzak jasotzen dituen "Mutil koskor bat" kantuetan ondo askotxo ikusten den bezala.
Aise entzuteko diskoa da honakoa, pretentsiorik gabekoa, musika eta bertso mundua elkarrekin nahastuz gauza polita eta proiektu interesgarria gauzatu dituena. Zazpi Eskale hauek kale kantoi batean ikusten badituzue, gelditu eta entzun. Limosnatxo bat eta... txalo bero bat, faborez.
>>Bertso berriak pobreziari jarriak
Gor, 1995 (CD)
Gaztelupeko Hotsak, 1997 (CD)