Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > jean mixel bedaxagar> hemeroteka
jean mixel bedaxagar > hemeroteka

Otea lili denean. Argia, 1.555. zenbakia. (Disko iruzkinak) (1995-12-10)

Zuberoan kantatzeko maneraren aldarrikapena

Zuberoako emakume eta gizonen aldetik bada egun kultur tradizioa bertan egiten den moduan ezagutzera emateko gogoa. Orain artean, diskogintza mailan zuberotarrek sekulako oihartzunik ez zutenez, berauen ondare aberatsa ezagutu eta gozatzeko bidea Zuberoarekin maiteminduriko Hego Euskal Herriko kantariek -Amaia Zubiria, Benito Lertxundi, Txomin Artola..- eginiko lanak izan dira. Lan hau behar bezala baloratu behar da, baina zuberotar askok bertako manera ezagutzeko beharra azpimarratu dute, euren kantuei ukitu folk hori erantsi gabe.

Ildo honetan kokatu behar da Bedaxagarrena. Batez ere tradiziotik bilduriko eredua ekartzen digu. Horren adibide nabaria, aukeratutako kantez gain, diskoaren liburukia osatzeko erabilitako iruditeria da, Bereterretxen hilarriaren sinboloez hornitua.

Bati baino gehiagori irudituko zaio, ezagunak diren zenbait kantu -"Xori erresiñula", "Zü zira zü"...- aldatu egin dituela, baina bere proposamenetik oso hurbilekoa da Zuberoan mendeetan kantatzeko erabili izan dena. Beraz, lasai entzuteko, patxadaz eta hitz eta doinu bakoitzarekin gozatzeko.

Gehienetan a capella kantatuz, benetan molde ederrean aritzen da. Hala ere, bere proposamena oso anitza da: Nafarroan moldaturiko jota eder batekin ausartzen da, pastoral baterako osaturiko bi kanta eder -"Nafarroa" eta "Gerezitzia lilitan"- eskaintzen ditu...

Galtzear dagoen kultur ondare baten lekukotasuna ekartzen digu, eta hori salatzeko tresna egokiena disko hau izan liteke. 

Lankide ugari izan ditu, Karlos Jimenezek egin ditu moldaketak, soka-laukotea du lagun, koroak ere egin dizkiote... baina denen gainetik, bere bozaren indarra eta sentsibilitatea. Ea bide honi eusten dion, euren manera ezagutzeko aukera izan dezagun.

Ritxi Lizartza
jean mixel bedaxagar > diskografia

>>Xiberoa

Elkar, 1983 (LP)

>>Otea lili denean

Elkar, 1995 (CD)

>>Bedaxagar

Fonti Musicali, 1996 (CD)

>>Auņamendi

Elkar, 2009 (CD)

Askoren artean

- Zer dira gure egunak? (Hitzak: Egile ezezaguna-Doinua: Herrikoia / Moldaketa: Karlos Gimenez); Zatoz, Izpiritua! Euskal elizaren tradizio berritua (Elkar, 2006)