Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > sarrera > artistak > jean mixel bedaxagar> hemeroteka
jean mixel bedaxagar > hemeroteka

Auņamendi. Berria. (Disko iruzkinak) (2009-10-15)

Nestor Basterretxeak diseinatutako azala ikusita badirudi urte batzuk atzera egin behar dugula Auñamendi entzutera goazenean. Ez da horrela. Alde batetik Bedaxagar eta lagunek luzatzen diguten kantu zerrenda ez baita ez atzokoa ezta gaurkoa ere. Bestetik, kantu horiek burutzeko aukeratutako modua, erabat a capella, ez baita ez zaharra ezta berria ere. Azkenik, kantari zuberotarrak, diskoaren hitzaurrean, bai, disko honek hitzaurrea du, gogoratzen digun moduan; «entzüle maiteak eta bereziki gazteak: geroago eta iheskorragoa den mündü hontan, jakin ezazüe esküratzen, gure hondare paregabearen arra entzüten edo deskübritzen, goxoki».

Badirudi, beraz, dibulgazio disko bat dela hau. Galtzear dagoen zerbaiten babeserako sortutako lekukotasuna edo... Baina ez, ez da hori ere. Diskoa entzun ahala, ahotsak barneratuz joan ahala, konturatzen baitzara ez dela testamentua, ez dagoela lezioa emateko asmorik. Kantu eder eta ahots are ederragoz betetako diskoa baita. Ez da mitologia, ez hartu euskaldun zintzo guztiek gure memoria kulturalean zehar egin beharreko bidaia iniziatikotzat. Den moduan baloratu; Europako ahotsik ederrenetakoak kantari, tranpa eta edergarririk gabe, zuzen eta gordin, hitz bakarrean hurbil. Eta kantari hauek euskaldunak izan beharrean Moldaviakoak balira zer esango genuke?

Erraztasunik gabeko diskoa da, nahiz eta erraza izan harekin gozatzea. Aski da konplexuak alde batera uztea. Ea gai zareten Erramun Martikorenarekin kantatutako Xori Errexinoletak entzun, eta oilo larrua ekiditeko. Topikoz harantzago, Plañu Niz, Ene Maitia Barda Nun Zinen edota Goizetan Jelkitzen kantuek bere azaleko sinpletasunean gordetzen duten emozio gaitasuna oso disko gutxitan topatu ahal izango duzu.

Estimatzekoa da, beste batzuetan, eta ustez kantuak gu bezalako entzule neofitoen belarrietara hurbiltzeko asmotan, egindako moldaketa musikalak, gehienetan kantuen mailara iristen ez zirenak, alde batera uztea. Ahotsak, txirula eta ttunttuna, zer gehiago behar da disko bikaina burutzeko. Intentzioa, jarrera eta asmoak. Eta horiek zorionez indarrean darraite Bedaxagarren disko bakoitzean. Mistizismorik gabe, azken aldian entzun dugun diskorik ederrenetakoa.

Andoni Tolosa
jean mixel bedaxagar > diskografia

>>Xiberoa

Elkar, 1983 (LP)

>>Otea lili denean

Elkar, 1995 (CD)

>>Bedaxagar

Fonti Musicali, 1996 (CD)

>>Auņamendi

Elkar, 2009 (CD)

Askoren artean

- Zer dira gure egunak? (Hitzak: Egile ezezaguna-Doinua: Herrikoia / Moldaketa: Karlos Gimenez); Zatoz, Izpiritua! Euskal elizaren tradizio berritua (Elkar, 2006)