Egilea: Juan Gorostidi
Argitaletxea: Pamiela
Urtea: 2011
Orrialde kopurua: 190 orrialde
XX. mendean musika herrikoiak izandako aldaketen baitan, gure lau kantari esanguratsuok egindako ibilbideari tentuz erreparatzen dion gogoeta kritiko baterako apunte gisa hartu liteke liburu hau. Musika oro denbora-ekintza dela jakinda eta kantariak bitartekaritzat hartuta, lau kantariok, antzeko denbora baten barruan eta distantzia urriko geografian bizi izanda ere, ezberdintasun handiko soinu eremu eta barne-paisaia erakusten digute. Eta eremu eta paisaia horri tentuz eta begirunez erreparatzeko gonbitea dugu hemen: zarata eta isiltasuna, hitza eta musika, esan beharrekoa eta ezin esana, barne bizipen sujektibo eta plaza erdiko aldarrikapen ozenen arteko ezkutuko mugetan saiatzeko gonbitean. Horretarako, aspaldiko kantuaz, soinu-digitalizazioaz, zenbait poeten presentziaz, irudi eta sinboloen erabileraz, une historikoen zeharkatzeaz eta guzti honen barruko haustura eta hautu artistiko ezberdinez ariko zaigu egilea.
"Bukaera baten sentipenak" eta ondorengo dolu bat bizi beharraren bulkadak abiarazi zuela onartuta, hitz kritikoak berarekin dituen arriskuak hartzeari ez dio uko egiten Gorostidik. Behaketa zehatzak ikusmen orokorrari lekurik kentzen ez dion bezala. Zenbait une, egoera eta erreferente seinalatuz, entzumena zorrozteko eta bizitutakoaren helmena kontuan hartzeko eskatzen digu.
Hemeroteka: Berria, Gara, El Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, El Diario Vasco (elkarrizketa), Berria (iruzkina)