Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > biografiak > iñaki beobide
iñaki beobide > biografia

Herri Gogoa diskoetxearen sortzaileetako bat izan zen Iñaki Beobide Agirrezabalaga (Zumaia, Gipuzkoa, 1934), eta euskal kantagintza berriaren hainbat disko grabatu zituen Donostiako estudioan. Jarrai antzerki taldean atzerriko antzerkigileen obrak euskaratu eta taularatu zituen, eta Ikuska liburu saila sortu zuen. ETBren sorreran ere parte hartu zuen. "Egin, betetzear zeuden esparruak jorratu, bultzatu, lagundu, bideak jarri", horrela definitu du bere jarduna Beobidek (1).

Diskogintzan aritu aurretik, euskara eta kultura sustatzen lan handia egina zen Iñaki Beobide, batez ere antzerkiaren arloan. Jarrai taldean hasi zen euskal kulturgintzan eragiten, 50eko hamarkadaren hondarrean. Talde hartan zeuden, besteak beste, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Arantxa Gurmendi, Juan Antonio Arozena... Euskarazko antzerkia berritzeko eta zabaltzeko kudeaketa lanean buru-belarri aritu zen hainbat urtez, eta, besteak beste, Antzez Taldeen Elkartea eta Antzerti aldizkaria sortzen lagundu zuen Beobidek.

Saizarbitoriarekin Gazte naiz atala sortu zuen geroago Zeruko Argia astekarian -Joseba Agirre ezizenez sinatzen zituen artikuluak-, eta, Ez Dok Amairuko kideekin zuen harremanaren ondorioz, Herri Gogoa diskoetxea sortu zuen, 1967an. "Gure denon arteko lotura euskaraz sortu nahia izaten zen. Kultura eta hizkuntza mailan ezin zen gehiago itxaron baldintza hobeagoen zain" (1). Geroago, Pako Miangolarraren laguntzarekin, grabazio estudio bat sortu zuen Donostian, eta han grabatu zituen euskal kantagintza berriaren hainbat disko esanguratsu.

70eko hamarkadaren hastapenetan, Ikuska saila sortu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Luis Benito del Vallerekin batera, euskarazko liburugintzan eta hezkuntzan ere eragiteko.

Hamarkadaren amaieran, Gipuzkoako Diputazioko Dantza, Antzerki eta Ahozko Literaturako arduradun izendatu zuten, eta Euskal Dantzarien Biltzarreko idazkaria izan zen. 80ko hamarkadan, ETB sortzeko proiektuan aholkulari gisa sartu zen, eta geroago ekoizle lanak egin zituen. Euskaltzain urgazlea da.

Haren alaba Olatz Beobide aktoreak jarraitu du antzerki tradizioa familian.

Testua: Jon Eskisabel

iñaki beobide > hemeroteka