Badok. Euskal Kantagintzaren ataria
Harremanetarako formularioa
Hemen zaude > historia > kanta sorrera
kantagintza berriaren sorrera

"Kanta berrietara zaletutako gazteak, gure kanta zarrez gogaitu, aspertu egiten dira. Erri-kanta oiek, zinetakoen aldean, motzak, gexak, gatz-gabeak dirala, uste dute. Gure kanta zar asko gaiñera, musikaz ain bikain diralarik, oso itz arlotez jantziak dauzkagu. Nere iritxiz, euskal olerkariak lan au egin bear ligukete: lengo doñu zarrei, letra berria sortu, itz apañagoak ezarri: gaurko gaztediari atsegiñago zaizkion maitasun-itzak erantsi. Onela gure kanta zarrak, soiñeko atsegiñagoz erakutsi. Orrez gañera, kanta berriak sortu ditzagun. Au eresgile edo konpositore diranen lana dezu: ta Euskalerrian len ontan maixu diran asko ditugu. Sortu bitzate beaz urtero onelako doñu beri batzuek, erdal-aideak bezela, gure gaztean ezpañetan zabal ditezen. Kanta berri auek, era danetakoak bear ditugu, bai euskal-usaidunak eta bai kanpo-aizedunak ere. Gaurko dantza aideak, tango, rumba, fox eta abar, erri guzietara zabaldu zaizkigu, ta gure apaiz-biotzak min artu arren, gure errian bota dituzten sustraiak ezin uka genitzake".

1951. urtean Nemesio Etxaniz apaiz azkoitiarrak Kanta-kantari izeneko kantutegia argitaratu zuen. Hitzaurrean jaso zuen hasierako gogoeta, eta garai hartako euskal musikaren egoera zein zen ederki islatu zuen. Abesbatzetan kantatzeko doinuak, otxoteen musika eta herri kantu tradizionalak kenduta, basamortua zen euskal abestigintza. Inguruko herrietan nagusitzen ari ziren doinu eta erritmo berriek ez zuten islarik gurean, erdarazko eredu inportatuetan ez bazen.

Kezka horrek akuilatuta, kantagintza berritzeko beharra aldarrikatu zuen Etxanizek. Hura hasi zen zenbait tango, runba, pasodoble eta modako beste doinu batzuk moldatzen eta euskaratzen. Haren ekarpenak segida izan zuen; izan ere, handik gutxira dantza talde batzuk -Azkoitiko Kontrapuntoak eta Bilboko Soroak, besteak beste- hasi ziren kantu zaharrak modu berrian ematen. Eta horien atzetik etorri ziren besteak, egoera irauli zutenak. Tunelaren ilunean argia ikusten hasi zen. Nemesio Etxanizi zor zaio euskal kantagintza berriaren aitatasuna (espirituala, bederen).

Kulturgintza, borborrean
Baina, halako mugimendu baten sorrera ulertzeko, ezinbestekoa da garai hartako egoerari begiratzea. 60ko hamarkadan aldaketa handi eta garrantzitsuak izan ziren mundu osoan, eta Euskal Herrian ere, egoera berezian izanik, aldaketa gose handia zegoen. Oztopoak oztopo, bazuen nora begiratu.

Euskal kulturaren berpizkundearen hamarkada izan zen 60koa. Euskaltzaindiak euskara baturako pausoak eman zituen; antzerkira joera modernoak ekarri zituzten taldeak ugaldu ziren (Jarrai, Goaz, Geroa...); Gerediaga Elkarteak Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu zuen lehendabiziko aldiz Durangon; Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek hainbat film esperimental egin zituzten, horien artean Ama Lur; euskal literatura garaikideak lehen fruituak eman zituen (Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua, Gabriel Arestiren Harri eta herri); artista taldeak sortu ziren Hegoaldeko lau lurraldeetan (Gaur, Gipuzkoan; Hemen, Bizkaian; Orain, Araban; Danok, Nafarroa)... eta Jorge Oteizak Quosque tandem...! argitaratu zuen. Liburu horrek eta oro har Oteizaren ideiek eragin handia izan zuten gero musikari garrantzitsuak izan diren gazte askorengan. Oteizak berak bultzatutako Euskal Arte Garaikidearen Eskola gauzatu ez arren, akuilu garrantzitsua izan zen Ez Dok Amairu taldearen sorrerarako.

Musikagintza ezin zen borborrean zegoen eltze horretatik kanpo gelditu.

'The times they are a-changin´'
Entxufearekin edo entxuferik gabe, Bob Dylan zen orduko mendebaldeko Europako gazteen erreferentzia nagusietakoa. Eta Euskal Herria ez zen salbuespena; AEBetako folk berria eta protesta abestiaren eragina zentsura guztien gainetik ailegatu zen gurera, gitarra soil batez gauza asko egiten ahal zirela erakutsiz. Dylan, Pete Seeger, Joan Baez eta enparauek arrasto sakona utzi zuten kantari berrien artean.

Baina Estatu Batuez haratago bazen zer entzun. Beste bi mugimendu garrantzitsuk eragin nabarmena izan zuten: Hego Amerikako kantariek (Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra...) eta chanson modernoak (George Brassens, Jacques Brel...). Eta, azkenik, nova canço-k ere, 1959. urtean Katalunian sortutako mugimenduak, eragin handia izan zuen. Bereziki, Els Setze Jutges taldeak egindako urratsak oso baliagarriak izan ziren Ez Dok Amairuren sorreran.

Aita espirituala Nemesio Etxaniz bada, euskal kantagintza berriaren izatezko aita Mixel Labegerie lapurtarra da. Bi disko txiki baino ez zituen argitaratu, 1961. eta 1963. urteen artean; osotara, zortzi abesti grabatu zituen, Ximun Haran pilotariaren etxean. Baina abesti bakan horiek erakutsi zuten bazela musika egiteko beste modu bat.

Xabier Letek horrela azaltzen du Labegerieren ekarpena: "Labéguerie-ren diskoek, batez ere lehenak, izugarrizko garrantzia izan zuten euskal kanta herrikoiaren estilo aldaketan: gitarra soilez lagunduriko kantak baitziren, ahots partikular bezain apal eta arruntaz kantaturikoak, molde komertzialei zegozkien amaneramendu eta sofistikazio guztietatik urruti" (1). Bi disko horiek grabatuta, musika utzi eta buru-belarri politikagintzan murgildu zen Labegerie, baina berak ereindako haziak eman zuen fruitua.

Malefizio hautsia
Hainbatek Ez Dok Amairu taldearen sorrera eta euskal kantagintza berriaren hastapena lotzen dituzte, aurretik zegoena bazterrean utzita. 1965eko udazkenean sortu zen talde ezaguna, baina ordurako bazen mugimendua: urtebete lehenago Mikel Laboak bere lehen disko txikia argitaratu zuen; 1965ean berean Julen Lekuonak gauza bera egin zuen; Lourdes Iriondo gero eta ezagunagoa zen, Loiolako Herri Irratian egindako emanaldiei esker; eta Benito Lertxundi izeneko gazte bat bigarren gelditu zen La Voz de España egunkariak antolatutako artista berrientzako lehiaketa batean.

Horiek horrela, 1965eko urrian taldeak, artean izenik ez zuela, lehen bilera egin zuten, Zarautzen. Negu horretan, Oteizak izena eman zion jada izana zuen taldeari, non musikariez gain bestelako artista batzuek ere hartzen zuten parte. Jendaurreko lehen emanaldia, artean taldearen izena erabili gabe, Hernanin eman zuten, 1966ko urtarrilaren 9an. Aurkezpen ofiziala Irunen izan zen, urte bereko martxoaren 6an.

Julen Lekuonak ederki azaldu zuen zein zen talde jaio berriaren espiritua: "Hitz bitan esateko, lehengo euskal-musika oiñarri hartuaz, euskal-musika berria egitea duk. Denak esperientzi berri batean sartu gaituk eta esperientzi berri hortan bide bat billatu nahiean gabiltzak; batzuek alde batetik, besteak bestetik, batzuek oso era berdiñean, besteak lehengoan tinkatuaz. Nola nahi dela ere gure taldeak duen gauzarik inportanteena, gure herriari zenbait mensaje ematea duk, eta hortan dagoala uste diat Ez dok 13 taldearen bereizkuntzarik jatorrena. Bestaldetik gure nahia, Ez dok 13-ren espiritua, euskal mobimentu berri bat sortzea duk; espektakulu bat bakarrik ez dedilla izan, bizitzeko era bat ere bai" (2).

Zazpi urte emankor izan ziren, 1972ko Eguberriak arte, taldea desegin zen arte. Baina ez zen deusen amaiera izan, hasiera baizik.

Big Bang
Ez Dok Amairuk ikaragarrizko eztanda eragin zuen euskal musikagintzan; urte emankorrak eta sormen handikoak izan ziren. Haren errautsetatik bi egitasmo sortu ziren: Zazpiribai kolektiboa eta Ikimilikiliklik ikuskizuna. Horrez gainera, Ez Dok Amairun ibilitako askoren bakarkako ibilbide oparoa: Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi... Gaur egun ezinbestekoak diren musikarien lehen lanak ondu ziren 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran.

Baina, Ez Dok Amairuz haratago, euskal kantagintza berriaren olatua norabide guztietan zabaldu zen: Bizkaian Maite Idirin, Herrikoi taldea, Oskorri, Gontzal Mendibil, Estitxu.. Ipar Euskal Herrian kantaldien loraldia, Ortziken kolektiboa, Pantxoa eta Peio, Etxamendi eta Larralde... Eta Antton Valverde, Oskarbi...

Egoera politikoa aldatu ahala, kantagintza berria ere aldatzen joan zen. Gauza asko ziren esateko, eta kantaldiak mitin bihurtu ziren. Garai berriak ziren, lirikarako garai txarrak. Baina ordurako kimua zuhaitz sendoa zen, eta haren adarrak, gero eta ugariagoak...

Testua: Gontzal Agote

  • (1) Jakin, 4. zenbakia, 1977
  • (2) Zeruko Argia, 202. zenbakia, 1967
> hemeroteka